Baina nor da gizon hau? Eta zergatik jarri ditu Gipuzkoako gazteak jopuntuan?
Gibelalde Gipuzkoako patronaleko presindentea da. Eta aipatutakoez gaiz, beste hamaika perla bota zituen hiru minutu eskasetan. Gipuzkoako ekonomiaren egoeraz mintzatzeko prentsaurrean agertu zen. Hala eta guztiz ere, ekintzailetzari buruz hizketan hasi bezain laster, gazteen lan migrazioak justifikatzeko Txina edota Indiako neska-mutilak oso ederrak direla esatera iritsi zen.
Gipuzkoako gazteen prekarietate mailaz hitzik ere ez.
Agerraldia Adegiren izenean eta bertako presidente gisa egin zuenez, Gipuzkoako enpresaburuen izenean ari zela uler dezakegu. Hortaz, Gipuzkoako patronalak bere gazteak Gipuzkoatik bidali nahi dituela ondoriozta dezakegu; Txina edota Indiara, bertan ezkon daitezen. Zoriontsu izan eta eperrak jango dituztela esatea besterik ez zitzaion falta.
Esandakoen ondoren, ez dugu Gipuzkoako enpresabururik entzun haien presidentearen hitzak auzitan jarriz. Ez eta Nafarroakorik ere.
CENeko bulegoetatik, ziurrenik, alper eta mimatu ikusiko gaituzte Nafarroako gazteak; gure gurasoen etxean eroso, bazkaria prestatzeko ezgai.
Hala ere, egoera bestelakoa da. Gazteon lan baldintzak gero eta prekarioagoak diren arren, ez gara etsipenean amildu. Egoera aldatzen saiatzen jarraitzen dugu. Eta horren adibiderik garbiena “Gure kabuz ala hil” dokumentala dugu.
Sei gazte prekariok, kamarak eskutan, Euskal Herria zeharkatu dute. Asmoa? Sistema injustu honen alternatibak aurkitzea. Horretarako hainbat proiektu eraldatzailetako kideak elkarrizketatu dituzte: Jazar, Katakrak, EHZfestibala, Errigora edota Txantreako emantzipazio bulegoa izan daitezke hurbilenak.
Dokumentalak laster ikusiko du argia. Aurretik, ordea, crowdfunding kanpaina jarri dute martxan karena.eu web orrian. Bertan egindako auzolaguntzaren truke, dokumentala izango duzu sari.
Bizimodu duinaren bila, ez dugu Txina edota Indiara joateko asmorik. Euskal Herriko hainbat txokotan egiten ari diren bezala, guk ere auzolanaren bidetik lortuko dugu burujabetza.