Kaosa aukeratu nuen

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2015ko ira. 23a, 17:35

Kaosa aukeratu nuen.

 

Nafarroan, urtero 3000 gaztek amaitzen dituzte unibertsitate ikasketak. Hala irakurri nuen joan den asteko Noticiasen. Eta nahi gabe, betiko galdera etorri zitzaidan burura: 3000 horietatik zenbatek egingo du lan “bere” alorrean? Eta nire buruan hamaika amona kuxkuxero, «Nire bilobak lortu du “berea” den lan bat», “berea” hitza ahoskatzearekin batera hatz artrosidunekin kakotxa pareak marraztuz airean.

 

 

Gure belaunaldiko ikasleoi gurasoek mito itxaropentsua tatuatu ziguten burmuinean:

bukatu ezazu unibertsitatea nota onarekin eta ikasi duzun horretan lan egin ahal izango duzu.

Eta, nik behintzat, gurasoei amen.

Institutuko orientatzailearen testek mediku izango nintzela iragarri zidaten. Eta nik, haien esanetara, osasun zientzietako batxilergoa ikasi nuen. Fisika, Kimika, Mate eta Biologia.

 

Egun batean eta kasualitate hutsez, plastikako irakasle genuen Gemarekin hitz egiten gelditu nintzen gelan. Eta berak argi eta garbi esan zidan: Iker, zuk izugarri disfrutatuko zenituzke Arte Ederretako ikasketak; hori bai, ez pentsa bizitza osorako lanpostu egonkorrik lortuko duzunik; zure bizitza kaotikoagoa izango da, baina baita askoz ederragoa ere.

 

Bere hitz hedonistei kasu egin eta Arte Ederren fakultatean eman nuen izena.

 

Gemarekin hitz egin eta 11 urte pasa direnean, behin baino gehiagotan etortzen zaizkit bere hitzak burura.

 

Noticiaseko artikuluko lehen esaldiak zera zioen: 3000 tituludun gazte ateratzen dira urtero unibertsitatetik lan-merkatura. Nora, eta lan-merkatura.

 

Gure gurasoek eraiki zuten mito hura plastikako irakasle batek eraitsi zidan niri. Unibertsitate osteko egoerak nire belaunaldiko gazte askori.

 

Nerabe nintzela, artea eta kaosa aukeratu nituen. Eta gaur, euskalerria irratirako lehen irrintzi hau beste hainbat irrintzi kaotikoren lehenengoa dela esatera etorri naiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!