Erabakiak ongi ulertzeko

Iruñeko udalak publizitate instituzionala banatzeko irizpideak aldatu ditu euskarazko komunikabideak baztertzeko helburuz eta berriki ikusi dugunez, ez du bidegabekeria hori zuzentzeko inolako asmorik. Aitzitik, aurten ere bide beretik jo du, besteak beste, neurri hori politika orokorrago baten parte delako.

Hizkuntza eskubideen deklarazio unibertsalaren 36. artikuluaren arabera Hizkuntza komunitate orok eskubidea du behar diren bitarteko pertsonal eta material guztiak eskura izateko, eta, horren bitartez, bere hizkuntzaren eta kultura-autoadierazpenaren presentzia ziurtatu ahal izateko, bere lurraldeko komunikabideetan behar adinakoa izan dadin: prestakuntza egokia duten langileak, finantzaketa, lokalak eta ekipamenduak, bitarteko teknologiko tradizionalak eta berritzaileak.”

1996an Bartzelonan sinatu zen deklarazioak oso garbi uzten du hizkuntza komunitateak eskubidea duela ongi hornitutako komunikabideak edukitzeko. Izan ere, gizarte modernoetan hizkuntza gutxiagotuek aurrera egingo badute hizkuntza komunitateek gizarte hori definitzen duten tresna guztien jabe izan behar dute eta komunikabideak funtsezko tresnak dira hizkuntza eta kulturaren garapenean. Ez da ahaztu behar bestalde, hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla eta ondorioz, hizkuntza eskubideak urratzen dituenak giza eskubideak urratzen dituela. Iruñeko euskaldunek bitarteko egokiak dituzten euskal komunikabideak edukitzeko eskubidea dute eta ez soilik ongi informatutako eskubidea dutelako, baizik eta, haien hizkuntzaz informatuta egoteko eskubidea dutelako.

Mayak zuzentzen duen udal taldearen hizkuntza politikak hiru zutabe nagusi ditu eta hiruek eragiten diete, era batera edo bestera, euskal hedabideei, haien bitartekoei eta ondorioz,  haien betetzen duten funtzio sozialari: lehenengo eta behin, euskal hiztun berriak sortzeko unean mota guztietako trabak jartzen ditu alkatetzak, bestalde, euskararen normalizazioaren alorrean lan egiten duten erakundeei beharrezko laguntzak ukatu edo murrizten dizkie eta azkenik, euskararen presentzia gizartean murriztu egiten du hizkuntza ikusezintasunera zigortuz.

Hizkuntza politika horren testuinguruan kokatu behar da Iruñeko udalak publizitate instituzionala banatzeko irizpideak aldatzeko hartu duen erabakia. Izan ere, euskarazko hedabideek inolaz ere lortu ezin dituzten irizpideak finkatu ditu hedabide horiek baztertzeko helburu argiarekin. Euskal komunikabideak baztertuz, haien lan baldintzetan eraginez eta errekurtso publikoetarako sarbidera eragotziz, euskara ikusezin bihurtzeko bere politikarekin bat egiten du.

Politika hori euskararen normalizazioaren kontrakoa da eta euskal komunikabideei zuzen zuzenean eragiten die. Gauza jakina da, komunikabideen  diru iturri nagusiak haien erabiltzaileak, publizitatea eta laguntza instituzionalak direla. Euskal komunikabideak ez dira salbuespena, proiektu editorialak garatzeko unean hiru horiek dira diru iturri bakarrak. Euskara, urteetako hizkuntza politika baztertzailearen ondorioz, hizkuntza gutxiagotua da orain eta euskal komunikabideentzat erabiltzaile unibertso murritza edukitzea zailtasun gehigarria da haien iraunkortasuna bermatzeko momentuan.

Euskarazko komunikabideen kasuan erabiltzaile potentzialen unibertsoa euskaldunek osatzen dutenez, unibertso hori erdal hedabideena baino askoz txikiagoa da eta ondorioz, euskal hedabideek nekez lortuko dute haien erabiltzaileengandik erdal hedabideek lor dezaketen adinako diru sarrerarik. Eta noski, Iruñeko udala UPNren eskuetan egon denean, bere hizkuntza politika ez da inoiz zuzendu euskal hiztun kopurua handitzera. Aitzitik, maiz hiztunek euskaraz bizitzeko duten eskubidea eragoztera zuzendu dute haien politika eta horrek zuzen zuzenean eragiten die euskal komunikabideei. Euskal komunikabideek beharrezkoa dute haien garapena ziurtatzeko hiztun kopurua handitzea eta horrek bestelako hizkuntza politika bat eskatzen du.

Ildo beretik eta jada publizitate instituzionalaren banaketari dagokionez, Iruñeko udalak ezarritako irizpideek nabarmen baztertzen dituzte euskarazko komunikabideak. Publizitate instituzionalaren banaketan parte hartu ahal izateko %10eko gutxieneko audientzia ezarri dute eta hori euskarazko komunikabideentzat beren erabiltzaileen unibertso potentzial osoa denez, bete ezin duten zerbait eskatzen zaie. Ondorioz, kontzeptu horretan urtero 600.000 € inguru banatzen diren arren, euskal hedabideek ezin dute poltsa horretatik euro bakar bat ere jaso. Horrela jardunez gainera, euskarazko komunikabideak ez ezik, euskaraz informatua egon nahi duten herritarrak ere kaltetzen dira, izan ere euskarazko komunikabideen aldeko hautua egiten dutenek ez dute udalaren informazio instituzionalik jasoko.

Iruñeko udalak ez du hiztun kopurua handitzeko politikarik garatzen eta publizitatearen banaketan euskarazko komunikabideak baztertzen ditu. Baina bere politika ez da horretara mugatzen, dirulaguntzen alorrean ere ez da bereziki nabarmentzen euskal hedabideei eskaintzen dizkien laguntzengatik.

Horregatik guztiagatik diogu, euskarako komunikabideen kasuan, Iruñeko udalaren politika edozein komunikabidek bere jarduna finantzatzeko dituen hiru zutabe nagusiei eragiten saiatzen dela. Edozein komunikabiderentzat funtsezkoak diren diru iturrietan eraginez itotze ekonomikoaren politika aplikatzen zaie haien funtzio soziala kamustuz, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea zailduz eta euskararen normalizazio prozesuari galga jarriz, komunikabideek alor horretan jokatzen duten zeregin funtsezkoa baldintzatuz.

Edozein kasutan eta oztopoak oztopo, kontrako politika ororen gainetik, herri ekimeneko euskal komunikabideok euskal hiztun komunitateari informazioa eta edukiak eskaintzen jarraituko dugu, besterik ezean, komunitate horren beraren sostengu eta bultzadari esker.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!