Dorian Gray

Ni bizi naizen herrian, arropa mendi bat bildu dute azken bizpahiru urteetan, Mediterranioa zeharkatu duten errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko; arropa hori bidaltzeaz arduratzen den elkarteko kideak, baina, kanpamenduotatik irten eta gure herriraino heldu diren Siriako bi familiari etxea alokatuko dien norbait aurkitu ezinda dabiltza.
Nire barruan bizi den off-eko ahotsak gaur goizean dio: “Tori Aquarius bat, zuen izerdi hotz zuria gozatzeko”.
Nazkante jaiki zait ahotsa, bai, barkatuko ahal diozue bizitzaren txinparta saltzeko harrokeria daukan freskagarri multinazionalak babestutako publizitate tartea. Baina badu bere arrazoi puntua.
Iragarki ederra geratu zaio Europari, izan ere, Mediterranioko eguzki galgatan egarriak ito beharrean abandonatutako ehunka migranteak Valentziako eztarrira bidalita.
Dorian Gray moduko bat baita Europa: zibilizazio bihozberaren sehaska beti-gaztea itxuraz; espolio goseak jandako kolonialista zaharra funtsean. Erretrato hori daukagu ezkutatuka denok ganberan, alferrik sinetsiko dugu ezetz; eta Italiak zati bat besterik ez digu erakutsi. Koadro osoaren aurrean begirada jaitsi, argiak itzali eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen segitu ala ez, geure esku dago. Hori ere bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!