Porlanezko kaminotik gora joaten ginen baserri zuri handiraino. Aldaba jo, metalezko marmita esnez nola betetzen ziguten ikusi, hizketa piskat egin eta etxera bueltatzen ginen. Harainoko bidean zeuden etxeetako baten atarian, ia beti, gizon edadetu bat izaten zen gure zain, bere ondoan eser gintezen eskatzen. Ihes egiten genion. 6 urte besterik ez genuen arren, haren begien zikina sumatzeko adina heldu baginen. Helduek, baina, ez ziguten kasurik egiten. Gizon haren etxeperainokoa izan zen memorian gordea daukadan lehendabiziko eskratxea. Neska kozkor bat bortxatu ote zuen, eta haserre jendea.
Ahaztua neukan dena, Iñaki Ziarrustaren hitz hauek memoria piztu zidaten arte: “6 edo 10 urte bitarte nituenean, bi gauza oso fuerte bizi izan nituen, nire arrebenak: bat bortxatu egin zuten, eta beste batek momentu nahiko konplikatu batzuk izan zituen. (…) Oso barruan gelditu zitzaidan gure etxean sekula ere ez dela berba egin horretaz. (...) Trauma bat dago”. Trauma horretatik sortu omen zaio Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa antzezlana. Larunbatean estreinatu zuen. Non, eta Gasteizen.
Ziarrustaren obrako protagonistak ez du justiziarik nahi, mendekua baizik.
Emakumeekiko justiziarik ez dugula ezagutzen pentsatu nuen atzo, 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaia etzi jakinaraziko dutela entzutean. Hori bai: eskratxeak, nire haurtzaroan ez bezala, delitu dira egun.