Chic

Givenchy hil omen dela. Balentziagaren ikasle eta miresle izan zela. Emakumetasun eredu bat ezarri zuela, maisuak markatutako bidetik, puntadaz puntada. Chic. Zer den emakumetasun jakin baten inguruan jositako industria... Urte asko dira jostun ospetsuak ez direla beren jantziak saltzetik bizi, lurrin, poltsa eta gainerako osagarriak saltzetik baizik.
Aspaldi egindako elkarrizketetara jotzeko aitzakia eman dit albisteak, gutxienez. GETARIA karpeta, GRABAZIOAK atala. “Balentziagak jositako soinekoarekin egin nuen nik lehen jaun-hartzea. Herrikook esan dezakegu hori”. Ez batek ez bik. Eta ez dira behinolako elite politiko zein ekonomikoko kideak. Ezta gutxiago ere. Elite ofizialeko udatiarren itzalpean bizitzera ohitu zituztenak dira; antxoa gatzatzen baldintza gogorretan ume-umetatik ibiliak; gerraren ondorioz desjabetuak eta herritik egotziak euretako zenbait. “Balentziagatarrak abertzaleak ziren baita ere, esan al dizut lehen?”. Parisera joan eta 'handi' bihurtu aurreko Cristobal Balentziaga ezagutu zuten, batzuek erdeinuz tratatzen zuten auzoko jostuna.
“Ez nuen gorde nire komunio jantzi hura, horixe pena”. Eskuak arrain garbitzen hebaindutako emakumeak, kazetariari kafea atera bitartean. Inoiz chic deitzen ez zaion dotorezia infinito horrekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!