Badakit ez dela berria eta ez direla bakarrak, baina buruko ile bat zuritzen zait Ezkerrakoek euskararekiko beren politikak azaltzen dizkidatenero. Kaskoa urdintzen hasia zait jada, jakina. Atzo bertan, “Nafarroan bi hizkuntza propio eta gutxiengo elebidun bat” daudela esan zuen Marisa de Simonek, eta, horregatik, koalizioak “euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko politikaren alde” egiten duela. Argi gera bedi, baina, entzuleok: “Euskararen foru legean ez dugu onartuko Nafarroako errealitate sozio-linguistikora egokitzen ez den inolako aldaketarik”. Dozena bat ile zuritu zitzaizkidan kolpe bakarrean.
Eta euskaldun izateaz gain emakume eta langile ere banaizenez, ordezkapen ariketa txiki bat egin zuen nire burmuinak. Hauxe emaitza: “Hemen, egun, emakumeak eta gizonezkoak daude, eta gutxiengo batek du jarrera parekidea. Horregatik, gure koalizioak emakumeen eskubideak sustatzeko eta indartzeko politikak bultzatuko ditu. Foru legeetan ez dugu onartuko, baina, egungo errealitate sozio-ekonomikora egokitzen ez den inolako aldaketarik”. Ez dauka nondik heldurik, bistan denez. Egungo errealitate menperatzailea eraldaketari ezarritako galga ukiezin bihurtzen duelako. Horixe delako pribilejiatuen helduleku ohikoena. Bai, besteren motots zuritu hori.