Izan gaitezen zintzoak geure buruarekin: euskaraz zein gaztelaniaz galdetzeak ez du Nafarroako irakaskuntza oposizioetarako hautagaien prestakuntza aldatuko. Parlamentuko zerbitzu juridikoen txostenik gabe ere badakigu gutxien dakienak, ikasi ezean, gutxi jakiten segituko duela: elebakarrak elebakar izaten, elebidunak elebidun, hirueledunak hirueledun. Eta bai, horixe baietz: eleena zerrenda bakarra da. Eta mintzo dugun honek bere lekua du bertan, nola ez. Ele anitzeko ikasgeletan, ezinbestean. Aspalditik dakite hori gaztelaniaren nagusitasun baztertzailearen babesleek. Ezin da ulertu, bestela, euskararen aurkako hainbeste politika berezi, D ereduan gero eta ikasle gehiago egoteak zenbaiti eragiten dion erremin hori. Zerbitzu publikoa eta hizkuntz eskubideak zakurraren putzaren pare jarri beharrak gauza asko uzten ditu argi. Gainontzeko guztia, aitzakia merkeen zerrenda bat eta bakarra besterik ez da.