S erantsia

Aspaldiko argazkia daukat gaur buruan: musika banda bat ageri du gure etxeko zuri-beltzeko telebistan. Pantaila behekaldean, STATUS QUO irakur daiteke. Talde hori ezagutu baino lehenago ikasia nuen lokuzio horrek latinez “une jakin bateko egoera” esan nahi duela, eta idazteko modu zuzena STATU QUO dela, 's'-rik gabe. Garbizalekeriak jota, urteak egin ditut egoerari buruz STATUS QUO esaten dugunero “I'm in the Army now” kantatzen zuen musika talde britainiar baten izena esaten dugula errepikatzen.

Herenegundik, PPk Galizian eta Euskal Erdian EAJk irabazi zuenetik, Status Quoren kanta hori burutik kendu ezinda nago. “Jendeak segurtasuna lehenesten du”, ziostan atzo lagunak. Gogoan zuen kanpaina betean etxegabetu dituzten pertsonen, makro proiektu erraldoietan xahututako milioien faltan murrizketak nozitu dituzten herritarren eta beste askoren segurtasuna. “Horixe da egoera, STATUS QUOa”, erantsi zidan. 'S'-rekin. “Segurtasun” hitzaren 's'-rekin.

I'm in the Army now.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!