Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaile Koldo Martínezek adierazi duenez “oposizioko hirukoaren esfortzuen arren, Nafarroa ez da hondoratu, ez da hautsi”.
Foru Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren komunikabideei egindako adierazpenetan, Martínezek adierazi du “gobernatzeko beste modu bat posible dela frogatzen ari dugula, beste Gobernu bat posible da”.
Gaineratu duenez, “urte eta erdi honetan, aldaketa Gobernuan, Parlamentuan eta beste erakundeetan ezarri zenetik, frogatzen ari gara faltsua zela Nafarroaren eta bere sektore kontserbadoreagoaren artean egiten zen identifikazioa”. “Geroa Baik gobernatzeko modu ezberdin eta berri honen alde egiten jarraituko du”, adierazi du.
ENPLEGU PLANA
Enplegu Plana dela eta, “gai honek eragiten dion sektore orori, enpresari eta sindikatuei irekiak egotea funtsezkoa dela” defendatu du. “Gobernuak eskuak irekiak ditu sindikatu sektore guztiekin”, balioetsi du, “Enplegu Planaren garapenean eta ezartzean formula irudimentsuak bilatzen jarraitzeko”, nabarmendu du.
Geroa Bairen parlamentuko eledunak berretsi duenez, ELA eta LAB sindikatuek Enplegu Plana Kontseiluan eztabaidatzeari uko egin diote, horregatik beharrezkotzat jo du “plana ahalik eta partaidetzarik handiena edukitzeko formula bilatzea”. “Ez dakit beste mahai batean eztabaidatu beharko den”, ziurtatu du, azpimarratuz “Gobernuak Enplegu Plana ahalik eta gizarte agente gehienekin hitzartzeko egingo duena babestuko dugula”.
Sindikatuen finantzaketa nominala dela eta, Martínezek esan du “ekintza hauek agerian uzten dutela nola gobernatu den Nafarroa azken urteetan”, eta “politika mota hauek amaitzearen eta hitzartze formula gardenak, garbiak eta hiritarren ezagutzapean bultzatzearen alde” egin du.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.