Iruñeko Udalak Mugikortasun Jasangarriko Jarduketa Plana aurkeztu du gaur goizean: datozen urteetan abiaraztekoak diren 32 proposamen, hiri-kontzeptua aldatze aldera, garraio jasangarriaren alde egin eta lehentasuna oinezkoei emanda.
Proposamen horietan, jarduketa zehatzak jaso dira auzoetan egiteko, hala nola I. Zabalguneko zirkulazioa atseginagoa bihurtzekoa, zirkulazioa murriztekoa Alde Zaharrean, edota Pio XII.aren etorbidean egitekoa den esku-hartzea (egun aztertzen ari dena). Halaber, bidean dira Txantrea eta Sanduzelai auzoetarako azterlanak, superetxadien proiektuak, BiziEskola, Eskola-bide Seguruak eta mugikortasunari buruzko ordenantza berria.
Mugikortasun jasangarriari buruzko jarduketa-plana Iruñeko alkate Joseba Asironek, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok eta Geroa Bai udal-taldeko bozeramaile Itziar Gómezek aurkeztu dute.
Itziar Gómezek azpimarratu du Iruñeko Geroa Bairen iritziz “legegintzaldi honetako ardatz estrategikoa mugikortasun jasangarria dela”, eta aurkeztutako Plana “serioa, arduraz landua, planifikazioz eta kontsentsuz eginikoa dela; funtsezko gaia, mugikortasunaren bidean atzera martxarik ez dagoela uste baitugu”.
Geroa Bairen udal taldeko eledunak gainera ziurtatu du Iruñean aurkitzen garen egoera eta neurri hauetako hiri batean kotxearen gehiegizko erabilerak “batere jasangarria ez den eta gizarte, politika eta ekonomia maila zaharkitua dagoen eredu bat islatzen du”.
“Espazio publikoaren banaketan hiriari buelta ematera beharturik gaude bai eta banaketa modala alderantzikatzeko ere: kotxearen espazioa murriztu, Garraio Publikoaren, bizikletaren eta oinezkoaren alde”, azpimarratu du Gómezek, gaineratuz zentzu honetan “funtsezkoa” dela Garraio Publikoaren planifikazioa.
“Gai honetan Iruñerriko Mankomunitatearen markoan gaude, baina bizikletei, oinezkoei eta trafikoaren ordenamenduari dagokionez modu osagarrian lanean jarraitu behar dugu”, adierazi du.
BIDEGORRIAK, BIZIKLETA-ARDATZAK ETA MUGIKORTASUNA
Gaur aurkeztutako planak aurreikusten du 2017an sei jarduketa abiaraziko direla, eta hamar proposamen aztertu eta bi proiektu eta hiru ekimen garatuko direla arauen esparruan. Halaber komunikazio-kanpaina bat eginen da mugikortasuna eta hezurmamituko den hiri-kontzeptu berria gai hartuta. Jarduketa batzuek oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa ukituko dituzte, eta klase horretakoak dira I. Zabalguneko zirkulazioa atseginagoa bihurtzea, Alde Zaharreko zirkulazioa murriztea eta bi zabalguneetan, Milagrosan eta Txantrean ere ziklo-kaleak eratzea. Bestalde, urtero eguneratuko da bizikleta-edukiera, bizikletetarako hiru aparkaleku irekiko dira –haietako bat Descalzos kalean– eta martxan jarriko dira Bizieskola bat eta Eskola-bide Seguruetako Programa.
2017an barna, hamar bat azterlan eginen dira hainbat mugikortasun-neurri aztertu eta haien abioa baloratze aldera –non neurrietako askok zerikusirik izanen baitute bidegorriekin eta komunikazio-ardatz berriekin–. Aztertu eginen da nola jokatu Pio XII.aren etorbidean, Ospitalealdetik Basotxora doan tartean, eta erabakitzen denari ekinen zaio. Bidegorrien lehen adarra Bake plazaren inguruetan amaituko da, edonola ere bateragarritasuna segurtatuta eskualdeko hiri-garraioko 4. eta 9. lineetan izan daitezkeen aldaketekin; eta bigarren adarra Barañainekin ezarriko du lotura, Pio XII.aren etorbideko jarduketak eragindako azterlanek eta esperientziek zer erakusten duten. Orobat, hasierako jarduketak aztertu eta abiaraziko dira Txantreako ekialde-mendebaldeko ardatzean, Laguntzako Andre Maria kalean, Alemanesen eta Eunate institutuaren artean.
Beste proposamen batek NUPen eta Berriozarren arteko iparralde-hegoaldeko ardatzaren jarraipena aztertuko du, jada eraikita dagoenarekin koherentzia gordez eta arreta berezia emanez zirkulaziorako gatazkatsuak diren guneei. Halaber, Burlatatik Alde Zaharrera Magdalenatik eta Labritetik doan bidea aztertuko da, bai eta bi zabalguneekiko eta Pio XII.aren etorbidearekiko lotura ere –barne hartuta Vergel kalea eta zubia zein Caparrosoren Errotako igogailuarekiko lotura–.
Bidegorrien oinarrizko sarea ere aztertuko da, 2005eko Bidegorri Plana abiapuntu hartuta, bai eta bizikletak azalean aparkatzeko guneak ere; mugikortasun-azterlan bat eginen da Milagrosa auzoan, EDUSI proiektuari lotuta, eta beste azterlan bat eginen da desberdintasunak eta mugikortasuna hirian gai hartuta; ibilgarritasuna eta oinezkoendako gune beltzak ere aztertuko dira. Bestalde, Bigarren Zabalguneari buruzko azterlana eginen da, superetxadien eredua baliatuta: hiri-bilbearen antolaketa berria, auzoetan ohiko etxadiak multzokatu eta ibilgailu motordunen zirkulazioa zein ibilgailuak azalean aparkatzea murrizten dituena, oinezkoei lehentasuna emanez eremu publikoan.
MUGIKORTASUN-ORDENANTZA BERRIA ETA BESTE ZENBAIT PROIEKTU
Aurreikusita dago 2017an mugikortasunari buruzko ordenantza berria onetsiko dela, non hiri-kontzeptu berri bat ezarriko baita, jasangarritasunaren, oinezkoen eta garraiobide osasungarrien alde eginez, ibilgailu pribatuen erabileraren gainetik. Beste alde batetik, egungo Zirkulazio Batzordea desagertu eta Mugikortasun Batzordea sortuko da. Batzorde berriak zaharraren eskumenak bereganatuko ditu eta ordenantza berriak emanen dizkionak ere hartuko ditu bere gain. Arauen esparruan, hitzarmena sinatuko da Nafarroako Gobernuarekin bizikleta elektrikoei buruz.
Planean jasota daude, bestalde, Sanduzelai auzoan jada abiarazia den Erdigune proiektuaren jarduketak, zirkulazioa lasaitu eta kaleak birdiseinatzeko azterlana egiteko: horiei dagokienez, 20.000 euro gorde dira aurrekontuan Mugikortasunaren Behatokiaren proposamenetarako, hala nola erakusketa, hitzaldi, prestakuntza-ekitaldi eta beste hainbatetarako.
JARDUKETAK ETA AZTERLANAK 2018. ETA 2019. URTEETAN
2018ko jarduketak eta azterlanak 2017ko planen garapenaren nolakoak baldintzatuko ditu. Horregatik argibide huts baino ez dira ondoan aipatutako bost jarduketa zehatzak eta azterlanak. Hasteko, I. Zabalgunearen behin betiko urbanizazioari ekinen zaio, eta helduko zaie, orobat, Burlata eta Alde Zaharra Magdalenan eta Labriten barna lotzen duen ardatzari –Armada etorbiderainoko jarraipena barne–, Txantreako ekialde-mendebaldeko ardatzari, ipar-hegoaldekoari eta II. Zabalgunean eragiteari –superetxadiaren azterlana abiapuntu hartuta–.
Azterlanetan, analizatuko dira Burlata abiagune hartuta ibaialdean barna doan ekialde-mendebaldeko ardatza –hiriko iparraldeko auzoak zeharkatuta–, Txantrea-Sanduzelaiko ardatza –superetxadiaren filosofiari eutsita– eta Sanduzelai-Sadar lotura.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.