Piluka García eta Ales Mimentza Zizur Nagusiko Udalean Geroa Bairen Gizarte Zerbitzu eta Ogasun bozeramaileek Bizikidetasun Ordenantza proposamen bat aurkeztu dute gaur, Nafarroan aitzindaria dena, prebentzio balio soziala duten eta gatazkak konpontzeko neurri alternatiboak lehenesten dituena.
Gobernu taldearekin (EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra) eta udal alor anitzekin (Udaltzaingoaren Buruzagitza, Idazkaritza, Berdintasun Zerbitzua…) eztabaida eta adostasun prozesu luze baten ondoren landu den ordenantza proposamenak udalbatzako gainontzeko taldeekin akordioa lortzea du helburu bai eta Zizur Nagusiko hiritarrekin ere.
Zentzu honetan, ordenantzan parte hartzeko prozesua irekirik dago jada Udalaren web orrialdean zintzilikaturik (www.zizurmayor.es), eta zizurtarrek participacion.partaidetza@zizurnagusia.eus helbidera helarazi ditzazkete bere ekarpenak azaroaren 11ra arte, igandez. Ekarpen horiek datorren azaroaren 17an egingo den Presidentzia Batzordean eztabaidatzeko jasoko dira.
Zizur Nagusiko Udalak proposatu duen Bizikidetasun Ordenantza, aurretik zegoen arau bat bertan behera utzi ondoren jaio da, aurrekoa funtsean zigortzailea baitzen eta herritarren babesik ez zuen araudia agertzen baitzuen. Proposamen berri hau, hiritar jokabideak arautzeaz gain, jokabide, zirkulazio, aisialdi eta elkartze eta jolas askearen eskubidea aitortzetik abiatzen da; kultura, politika, hizkuntza eta erlijio aldarrikapenen aniztasunetik; toki interesa duten bizikidetza harremanen gordetzetik eta zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura eta espazio publikoen erabileratik.
Bizikidetza gordetzeko eta sustatzeko, Ordenantzak politika aktiboak aurreikusten ditu (kanpainak, programa zehatzak, erakunde sozial eta instituzional ezberdinekin akordioak eta Iruñerriko gainontzeko udalerriekin lankidetza); eta prebentzio printzipioa zigor printzipioari gailentzen zaio.
Horrela, neurrien aplikazioa (ohartarazpena, bitartekaritza, kalteen ordaina edo zigor ekonomikoak) modu progresiboan, egokituan eta ponderatuan egingo da, pertsonengan duen transzendentzia eta eragin mailaren araberako bai eta nahitasuna edo laxotasuna dagoen, eragindako kalteen jatorria eta ondorioen, berrerortzearen eta arau-hauslearen baldintza sozial, ekonomiko eta adinaren araberako graduazio irizpide bat jarraituz.
Ildo honetan, zigor ekonomikoak eta kalteen ordaina lan alternatiboekin ordezkatzea aurreikusten da, hala nola, formakuntza saioetara joatea edo hiritar ekintzetan edo komunitatearentzako beste lan motetan parte hartzea, beti ere interesa duten pertsonen baimena badago.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.