Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak nabarmendu duenez UPNk 21 milioi gastatu zituen Miguel Server Fundazioa-Navarrabiomeden eraikinean, “harrigarria den arren efizientzia gutxieneko kalifikazioa duen eraikin bat alegia”. Martínezek UPNren aurreikuspen falta kritikatu du, bai eta deitoratu “orain Kontuen Ganbera dela ikerketa helburu zehatzen plan estrategiko bat eta bere egitura eta finantzaketarako irizpideak faltan bota dituela”. Gainera, “Fundazioaren kontuak Europako finantzaketaren araberakoak direla” azpimarratu du. “Adibide moduan, 2015ean milioi erdiko galerak pairatu zituen, Europako Funts Sozialetik diru sarrerarik jaso ez zuelako”. Eledunak gogorarazi du “txostenak ere gomendatzen duela ikerketa zabaldu dadin, osasungintza publikorako eta lehen arretarako gaiak sartuz, eta Navarrabiomed Osasungintza Departamentuan sartzea gomendatzen du”.
Horregatik, Geroa Bairen parlamentu taldeak adierazi du “Nafarroako osasungintza ikerketa alorra zein egoeratan aurkitzen den ezagutzeko berrikusketa sakon bat behar dela”, eta Asun Olaetxea Kontuen Ganberako Presidentearen agertzea eskatu du txostenaren ondorioak azal ditzan.
Bestalde, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak Nafarroako Gobernuari eskatzen dizkion 300.000 euro gehi ia 65.000 euroko interesak aipatu ditu, 2010ean Lezkairun proiektatu zen irudi medikoaren zentro baten proiektua lortzeko Madrilek eman zuen kontzeptua baina azkenean egin ez zena. Eledunak deitoratu du “UPNren kudeaketaren plater apurtuak ordaintzen jarraitzen dugula, aurreko Exekutiboaren aurreikuspen falta ageria uzten duen informazio berriekin harritzen jarraitzen duena”.
Martínezek ziurtatu du “hau kasu bat gehiago dela, UPNren kudeaketa okerraren adibide berri bat, Garraioaren Hiriaren desjabetzearen gainkostuari, Estatuak itzultzen ez duen AHTren lanen aurreratzeari, Navarra Arenaren ordaindu gabeko fakturei edo behin behineko irakasleriari zor zaizkien oporraldiei gaineratuz; egungo Gobernuaren jarduna oztopatzen duen kudeaketa baten adibideak alegia”.
Horregatik, parlamentu taldeak Osoko Bilkuran galdera bat erregistratu du Nafarroako Gobernuari eskatuz azal dezan “nola iritsi den egoera honetara eta zein jarduera aurreikusten diren eskaera horri aurre egiteko”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.