Geroa Bairen Senaturako hautagai Anika Lujanek RNEn elkarrizketa egin du gaur, ziurtatuz hauteskunde egoera abendukoarekiko ezberdina dela “frogatu baita hautetsitako diputatuek ez dituztela pertsonak jarri lehen tokian eta postuei buruz programen aurretik hitz egin dute”. “Hauteskunde berri batzuen aurrean posizioa hartzeak interes gehiago eduki du akordioetara iritsi baino”, adierazi du.
Egungo senatariaren aburuz, eszenatoki ezberdina ireki da “non beharrezkoa da adosten eta paktuak lortzen jakitea Madrilen aldaketaren Gobernu bat laguntzeko, Nafarroan egin genuen bezalaxe”. “Tamalez, hilabete hauetan Rajoyren gobernuari alternatiba bat eratzeko benetako borondaterik eduki ez duten alderdiak ikusi ditugu eta horregatik daramagu hainbat hilabete jardunean dagoen PPren gobernu batekin, hura kentzea lehentasunezkoa zenean”.
Egoera honen ondorioak, Lujanek azaldu duenez, “Mozal Legea, Lan Erreforma, LOMCE, Nafarroa eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren berritzea edo nafarrok onartutako eta Auzitegi Konstituzionalean helegitea duten 17 legek mahai gainean jarraitzea” dira.
Lujanek deitoratu du gainera Kongresuan negoziaketa hilabete hauetan zehar Nafarroa desagerturik egon dela estatuko agendan. “Nafarroako ordezkariek ez dute maila eman. UPN Rajoyri babesa ematen aritu da, eta PSN eta Podemos estatu mailako alderdietan disolbaturik gelditu dira, Nafarroa agendan jarri gabe”, baloratu du Lujanek. “Argi eta garbi nafarra den ahots batekin, Foru Komunitatea ez litzateke Kongresutik kanpo egongo. Denboraldi hau adierazgarria izan da batzuek Gorteetan Nafarroarengatik egin ez dutena erakusteko”, amaitu du.
Lujanek gogorarazi du koalizioak Madrilera hautagaitza bateratu baten baitan joan nahi zuela Nafarroan Uxue Barkosen gobernua babesten duten beste indarrekin batera, baina ez zela posible izan “nagusiki Podemosek uko egin ziolako” eta Pablo Iglesiasek, Hiritar Kontseiluak erabakia hartu aurretik, “hautagaitza horri atea itxi ziolako”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.