Ana Luján Geroa Baiko senatariak atzo Senatuan LOMCE legea bertan behera uztea eskatu zuen bai eta hezkuntza lege berri bat onartzea ere, “adostasun handiagoz, barneratzaileagoa, modernoagoa, unibertsalagoa eta askoz ere demokratikoagoa”. “Estatuaren akonfesionaltasuna, bere kultura eta hizkuntza aniztasuna eta jakituriaren alor guztiak integratzeko beharra aitortzen dituen Lege bat”, azpimarratu zuen.
Horrela, legearen ezarpen egutegia gelditzea eskatzeko PSOEk aurkeztutako mozioa “urria” zela esan zuen senatariak. “Geroa Bai beti mantendu da tinko hasiera batetik LOMCE legearen eztabaidan defendaturiko jarreran. Egutegia gelditzea pauso bat da, baina argi eta garbi urria”, baloratu zuen Lujánek, proposamen horren bozketan abstentziora joz.
Halaber, probintzia diputazioen aldeko hainbat neurri hartzea eskatuz eta Espainiaren batasunaren aldeko hainbat neurri hartzea eskatzeko PPk aurkeztutako bi mozioren aurrean, Geroa Baiko senatariak abstentziora jo zuen lehenengoan eta aurkako botoa agertu bigarrenean.
LOMCE legea dela eta, bere hizketaldian, Goi Ganberan Geroa Baiko eledunak gogorarazi zuen 2013ko uztailaren 17an Kongresuan oposizioko talde guztiek (UPyD, UPN eta Foro Asturias izan ezik) “LOMCE legea bertan behera uzteko eta hurrengo legegintzaldiko lehen saio epean bere ezarpena berehala gelditzeko” konpromisoa hartzeko agiri bat sinatu zutela.
“Ia hiru urte pasa dira jada sinadura hartatik eta, iragandako denbora dela ere, guretzako indarrean diraute agiri horren sinatzaileek azaldutako argudioek, haien artean PSOE”, ziurtatu zuen Lujánek.
Senatariarentzako, LOMCE legea “aukera berdintasunari erasoa eta berdintasunean eta hezkuntza kalitatean atzera pausoa da, bai eta Komunitate Autonomoen eskumenen urratzea hizkuntza sistemaren antolaketa bezalako aferetan. PPk, PPrentzat egindako legea da, Alderdi Popularraren beraren boto bakarrekin atera baitzen aurrera eta UPNren abstentzioarekin, gai honetan bere bakardadea agertuz bai eta gainontzeko parlamentuko indarrekin erabateko adostasun eza”.
“LOMCE legeak ziurgabetasun handia sortu du bai hezkuntza zentroetan, bai familia eta ikaslegoan ere; hezkuntza zentroetan eta Komunitate Autonomoetan edozein planifikazio eragozten ari du; eta markako denboran eta zeharo hausnarketarik gabe egindako curriculuma sortu du, gutxienez Nafarroan”, amaitu zuen Lujánek.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.