Geroa Bai Baztan: Aroztegiako Proiektua

Erabiltzailearen aurpegia Geroa Bai 2016ko abe. 1a, 00:00

Nafarroako Gobernua, eta bereziki Geroa Bai taldea, Aroztegiko proiektua dela eta jasaten ari den eraso eta presioak kontuan izanik, Baztango GBtik gure atximendua adierazi nahi diogu Nafarroako gobernuari afera honetaz hartu duen erabakiagatik.

Ondoko zehaztasunak egin nahi ditugu, behin eta berriz iritzi publikoari helarazten zaizkion baieztapen batzuk argitzeko asmoz. Gezur bera anitz aldiz erranagatik ere, beti gezurra izaten segituko du: ez uste egia bihurtzen horrenbertze aldiz errateagatik.

1) Hauteskundeetara aurkeztu ginen indar politiko guziek anitzetan utzi izan dugu garbi proiektu honen buruz dugun iritzia: kanpainan, hemengo bereko hedabideetan, mahai inguruetan, prentsa galdekizunetan, eta abar. Beti izan gara proiektuaren aldeko Geroa Bai, UPN eta Baztango Auzolanean, uste izan baitugu, eta orain ere uste baitugu, holako proiektu batek ondorio positiboak izaten ahal dituela Balleko etorkizunerako, lanpostu zuzen nahiz zeharkakoak sortzen ahal dituela, gure ondasuna berreskuratu eta tokiko ekonomia indartu. Aldiz, kontra agertu dira EH Bildu eta Baztango Ezkerra. Gure ustetan, hautu guziak bidezkoak dira eta errespetatzeko modukoak.

2) PSISa –holako proiektu bat aitzinat eramateko ezinbertzekoak diren eskakizunak, eta sailek zehazten dituzten irizpide legal eta teknikoak bete ondoan-- Nafarroako Gobernuak onartu zuen maiatzean. Orain dela egun batzuk Nafarroko Gobernuak lehendik onartu proiektuari egin zaizkion eskakizun batzuen erantzun administratiboa tramitatu du.

3) Erran izan da proiektu hau baztandarren borondatearen kontra doala. Eta hori funtsatzeko erraten da Batzar Nagusiak bere gaitzespena erakutsi zuela. Hala ere, ongi aski dakite argudiobide hau ibiltzen dutenek Ballearen gainean hartzen diren erabaki gehienak ez direla Batzar Nagusiaren esku gelditzen, eta bertze administrazio organo batzuek hartzen dituztela. Geroa Baitik argitu nahi dugu Batzar Nagusiko gehiengoaren iritzia errespetatzen dugula, gu ere kideak gara eta harro gara horretaz, baina badakigu, edo jakin behar genuke, Batzar Nagusiak dituen konpetentziak Ordenantzek aski xeheki zehazten dituztela, eta konpetentzia horien artean ez dela sartzen Aroztegiko proiektuen gisakoak onartzea edo baztertzea.

4) Proiektua ez doa baztandarren borondatearen kontra. Eta ez doa kontra, zeren borondatea zinez biltzen duen udaleko osoko bilkurak –hori da gai hauetan  eskumena duen organoa-- argi agertu baitzuen bere nahia priektuaren alde. Oroit gaitezen azken udal hauteskundeetan 2.216 lagunek babestu zituztela proiektuaren aldeko indarrak, eta kontra 2.044 agertu zirela. Proiektuarekin zuzenean lotzen diren herrien botuak kontuan izanik, erran dezagun 163 izan zituela alde, eta 158 kontra. Kasu guzietan kontrako indarrek, EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak, 2011n izan zituzten baino botu gutiagorekin. Horixe, ez bertzerik, da herritarren borondatea.

5) Gure atxikimendua adierazi nahi diegu Isabel Elizalde eta Manu Ayerdiri, Aroztegia eta gero zer? plataformaren eta Sustrai Erakuntzak talde ekologistaren aldetik neurri eta bidegabeko kritikak hartzen ari direlako. Bi taldeek gure errespetua dute, eta Baztanen proiektuaren kontra dauden batzuen iritzia biltzen dute, baina EZ dute baztandarren borondatea ordezkatzen ahal, edo haien ordezkapena bere egiten ahal. Bere burua bakarrik ordezkatzen dute. Hori dela eta, dei publikoa egin nahi diegu kontrako iritzia adierazi duten zenbait laguni, uste baitugu agerian gelditzen dela ez dutela proiektua ezagutzen, eta alderdikoikeria eta koherentzia eza erakusten dutela.

Erran dezagun, azkenekoz, Nafarroako Gobernu berriak erantzukizunaz lan egin duela afera honetan, proiektuaren segurtasun jurikoa zainduz. Gobernuak Baztanen eta Nafarroan inbestitu nahi dutenei babesa eman die, proiektuak ongi betetzen baititu eskatzen ahal zaizkion lege eskakizun guziak.  Honek gauza bat baizik ez du erakusten: badugula gai den gobernu bat, arduratsua eta bere eginbideak egiten dituena.

6) Azkenik, zentzu honetan, onartezinak iruditzen zaizkigu Geroa Bairi bai eta Nafarroako Gobernuari egindako irainak. Politikan mintzatu daiteke bai eta iritzi ezberdina eduki, baina denak ez du balio, hare gehiago denok hiritarren onura bilatzen dugunean.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!