Hezkuntza “publiko, doakoa, ezberdintasunak orekatzen dituena, barneratzailea, kohezitzailea, parte hartzailea, demokratikoa eta laikoa” da Geroa Baik datorren legegintzaldian Diputatuen Kongresuan hezkuntza arloan defendatu nahi duen apustua. Daniel Innerarity, Bixente Serrano Izko eta Marta Guruziaga, Ganbera honetara nafar koalizioaren hautagaiak gaur Sarrigurengo ikastetxe publiko parean esan duenez, Hezkuntzak “Geroa Baik, sortu zenetik, agertu dituen bi kezka sakon elkartzen ditu: giza eskubideak eta zerbitzu publikoak”.
“Hezkuntza Giza Eskubide bat da. Gizarte zuzenagoak, parte hartzaileagoak, demokratikoagoak eta aurreratuagoak sortzeko oinarrietako bat da. Hori lortzeko hezkuntza publikoa, doakoa, ezberdintasunak orekatzen dituena... behar dugu. Ezaugarri hauetako asko galdu egin dira azken legegintzaldian eman den beste atzera pauso handi batean: LOMCE legea”, ziurtatu du Innerarityk.
Kongresura Geroa Bairen hautagaiaren aburuz, “gure autogobernua defendatzea, datozen nafar belaunaldiak gizarte moduan nola hazi nahi duten erabaki ahal izatea defendatzea da”, azpimarratu du Innerarityk, gaineratuz Geroa Baik ikerketarako eskumenak Nafarroara transferitzeko egingo duela lan Kongresuan. “Gure lurraldeak, hiru Unibertsitaterekin, industria sendo batekin eta prestakuntza nabarmena duen gazteriarekin, ikerketan benetako erreferente bilakatzeko aukera du eta hala izan behar du. Kudeatzen dakigula frogatu dugu eta gure autogobernuaren bitartez ikerketan inbertsioa gure lehentasuna izatea erabaki nahi dugu”, ziurtatu du.
Innerarityk azpimarratu duen beste proposamenetako bat LOMCE legea bertan behera uztea izan da. “Geroa Baik LOMCE bertan behera uzteko ahots bat gehiago izan nahi du Madrilen, bai eta adostasun handiagoko, barneratzaileagoa, modernoagoa, unibertsalagoa eta askoz ere demokratikoagoa den lege bat onartzeko ere. Estatuaren konfesionaltasun eza aitortuko duena, bere kultura eta hizkuntza aniztasuna eta jakituriaren alor guztiak integratzeko beharra ere”, azaldu du.
Geroa Baik gainera, bere Kongresurako hautagaiak nabarmendu duen moduan, “hala nahi duenak hezkuntzara sarbidea edukitzea ahalbidetzen duten” bekak sendotzeko egingo du lan, bai eta Lanbide Heziketa sustatzeko, hura “beste edozein aukera bezain balioduna, beharrezkoa eta funtsezkoa” izan dadin, eta hezkuntza sistemak “gure gazteak Europako beste edozein tokikoak bezain europarrak izatea bermatzeko”. “Ikasgeletan erasoak saihesten dituen eta haurtzaroan berdintasunean eta errespetuan hezitzen duen hezkuntzarengan dugu sinesmena; kohezkuntza den hezkuntza eta genero indarkeria saihetsiko duena”, amaitu du.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.