Koldo Martínezek datorren legegintzaldian foru autogobernuarentzako aurreikusten den arriskua baloratu du gaur . “Nafarroa eta Estatuaren arteko tentsioa historikoa da, espainiar klase politikoaren aldetik Nafarroaren eskubideak murrizteko nahia bezala eta datorren legegintzaldi honetan gure autogobernuak arriskuan da berriro”, nabarmendu du Martínezek.
“Ezin nuen gure bidaia monumentu honetan ez beste hasi; gure historiako beste garai bat gogora ekartzen digun monumentua, gure autogobernua eraso zuten garaia alegia. Orduan, nafar gizartea, gaur baino komunikazio gutxiagorekin, Madriletik zetozen murrizketen aurka aho batez mugitu zen”, gogora ekarri du Koldo Martínezek, Gamazada oroituz.
Kongresurako Geroa Baiko hautagaiak azpimarratu duenez, autogobernua “gure tresnarik sozialena da”. “Geroa Baik gure autogobernua ahots tinkoz defendatzeko konpromisoa hartzen du, Nafarroan eta Madrilen. Behar denaren aurrean pedagogia egiteko konpromisoa hartzen dugu autogobernua eskubidea dela azaltzeko, eta ez pribilegioa; Hitzarmena eskubide sozialak hobe eta gehiago babestea ahalbidetzen duen tresna dela argudiatzeko; Nafarroa Estatuarekiko sakonki solidarioa dela zifra eta datuekin frogatzeko; eta azaltzeko gurean sinesten dugula, zintzoki, datuak eskuan, justuena, erabilgarriena eta hoberena dela uste baitugu”, nabarmendu du.
“Gure autogobernuarentzako arrisku une honetan, UPN PPrekin aliatu da, gure legei 4 urtetan 14 helegite egin dionarekin alegia. Eta biak Ciudadanosekin aliatuko dira, Forua pinturan ere ez duela nahi esaten duena. Eta PSN ez da bere PSOEko kide propioen erasoetatik defendatzeko gai” ziurtatu du Martínezek, gaineratuz hauteskunde hauetan “hiru aukera bakarrik” daudela, “Madrilen Madrilerako erabakitzen duenari eman botoa; Madrilen Nafarroarentzako erabakitzen duenari eman; eta Nafarroan, Nafarroarentzat eta Nafarroan pentsatuz erabakitzen duenari eman botoa”.
Datorren legegintzaldian Martínezek landuko dituen proposamenen inguruan, Foru Hobekuntza edo LORAFNAren erreforma nabarmendu du, “nafar gizartean barne ituna eginez, Estatuarekin ituna eginez eta negoziaketaren emaitza gizarteak berretsiz”.
“Gure autogobernua eta bere izaera soziala indartzea proposatzen dugu, Foru Hobekuntzaren erreforma baten bidez. Itunetik eta elkarrizketatik, Nafarroan gehituz eta Nafarroarentzako gehituz. Berzentralizatu den Estatu batean gure papera berreskuratu nahi dugu. Eta ez gaude beste komunitateek autogobernu gehiago edukitzearen aurka, baina ez guk eskubidez duguna murriztuz”, baloratu du Martínezek.
Geroa Baiko hautagaiak, gainera, lege markoaren aldaketa ziurraren aurrean, nafar koalizioak “gure eskubide historiak aitortzen dituen Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriaren betetzea” eskatuko duenaren konpromisoa hartu du.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.