Barkosek dio programa akordiorako bidea agerikoa dela

Erabiltzailearen aurpegia Geroa Bai 2015ko mar. 6a, 00:00

Nafarroako Lehendakaritzarako Geroa Baiko hautagai Uxue Barkosek ziurtatu du Nafarroako Gobernu berria eratzeko alderdiekin egin duen lehen kontaktu errondaren ondoren “programa akordiorako bidea agerikoa” dela, bai eta bi astetan “akordioaren korpusa bi astetan ongi finkatua” edukitzea nahi du.

Uxue Barkosek “aldaketa borondatea erakutsi duten indarrei” bilera berriak egiteko gonbitea luzatu die, EH Bildu, Podemos, PSN eta Izquierda-Ezkerra alegia.

Bere lehen kontaktu errondaren balantzea egiteko eskaini duen prentsaurrekoan, Uxue Barkosek azaldu du “bat-etortze nabarmenak” daudela “orain lan zehatz eta zentzudunagoa eskatzen duen honetan programa akordio hori sinatzea ahalbidetzeko, eta beraz, aldaketaren Gobernurako bidea erraztuz ere”.

Barkosek azaldu du parlamentuko aritmetikaren arabera, 26 eserlekurekin aski eddukiko lukeela gehiengo osoa lortzeko, baina ziurtatu du “Geroa Baik 33 eserlekuren asmo handia duela”, hau da, PSN sartuz. “Bost alderdiak ordezkaturik ikustea nahiko genuke”, ziurtatu du.

 

GEROA BAIK DOKUMENTU BAT KOORDINATUKO DU

Edozein kasutan eta alderdi askoren arteko negoziaketei begira, Uxue Barkosek azaldu du Geroa Baik lan dokumentu bat koordinatuko duela bere hauteskunde programatik abiatuz eta gainontzeko alderdien ekarpenak sartuz, horrela “ongi ardaztutako dokumentu batetan oinarrituz lanean hasteko eta horrela deritzogun indarrek elkarlanean aritzea ahalbidetzeko”.

Barkosek gaineratu du, lan marko honekin, bi asteren buruan “ongi finkaturiko programa akordioaren korpusa” edukitzea nahiko lukeela.

Bilerak aldebikoak edo alderdi ugariren artekoak izango diren galdetuta, hautagaiak esan du “eratuko dugun dokumentuak lehentasunak modu barneratzaile eta koherentean islatuko dituen heinean, talde lanari ekiteko garaia iritsi dela deritzogu”.

Uxue Barkosek ez du aurreratu Lehendakari izango den Gobernua koalizio gobernua izango den edo ez. “Ez gaitu koalizio Gobernu batek larritzen aldaketa Gobernua lortzeko, gu guztiok hiritargoari zor diogun erantzuna aldaketaren Gobernu hoberena da, Nafarroa osoa hoberen ordezkatuko duena”, ziurtatu du.

Barkosek azaldu du bere kezka “hiritargoak hautestontzietan esan duena ahalik eta zuzenen interpretatzeko modua” bilatzea dela. “parlamentu eszenatokia anitza da eta denon aldetik asko eskatzen digu”, gaineratu du.

Gainera, gogora ekarri du hauteskunde kanpainan zehar jada nabarmendu zuela “koalizio Gobernu baten zailtasunak ez lukeela aldaketa Gobernu bat eragotziko, eta lehen kontaktu errondaren ondoren batzuek koalizio Gobernu baten alde egiten dute eta besteek ordea ez”.

Edozein kasutan, esan du “nahiko genukeena 33 eserlekuko parlamentu babesa eduki dezakeen Gobernua da”, bai eta gaineratu “ez da inoiz Geroa Bairen asmoetan egon inor baztertzea, ez edozein moduko Exekutiboaren eraketan ez negoziaketetan”.

Sanferminen aurretik akordio finkoa egongo denaren posibilitateaz galdetuta, Uxue Barkosek esan du “garrantzitsua” dela “azkartasunez lan egitea trantsizio egoera honi amaiera emateko, baina Gobernu akordio on bat ezin da besteen agenden larritasunengatik jausi behar”.

EH Bildu Gobernuan sartzea dela eta enpresa sektorean egon daitekeen alarmaren inguruan, Uxue Barkosek “normaltasuna” eskatu du, eta berriro esan “formularik egokiena bilatu behar dugula, Gobernu honetan sartuko diren agente politikoei gehien aseko diena, eta Nafarroako interes orokorrekin gehien bat egingo duena”.

Gainera, iragarri du datozen egunetan gizarte eta ekonomia egenteekin kontaktu erronda hasiko duela, “lekurik ez duen ustezko larritasunak lasaitzeko” baliatuz zenbait kasutan. “Uste dugu Parlamentuan hiritarren ordezkariak aintzat hartzeaz gain garrantzitsua dela sindikatu eta enpresa esparruko egoera lehen eskutik ezagutzea, bai eta Gobernutik komunikazio kanal bat ezartzea Nafarroaren etorkizunari buruz asko esateko duten erakundeekin”, gaineratu du.

 

HIRU PRINTZIPIO GARRANTZITSU

Gainera, Uxue Barkosek aldaketarako nabarmenak diren hiru gai aipatu ditu. Lehena, “Nafarroako Funtzio Publikoaren talentua eta adimena jarduera exekutiboan sartzea zuzendaritza nagusien bitartez”. “Ez dugu teknokrata gobernu bat bilatzen, baina ez gaude ados modu erabakian Funtzio Publikoa baztertzearekin”, esan du.

Bigarrenik, “Gobernuaren gaineko parlamentu kontrolaren eskumena indartzea” beharrezkoa dela esan du, bai eta “Parlamentutik kontrol jardunaldiak ezartzeko neurrietan lan egin behar dela”.

Hirugarrenik, beharrezkoa deritzo “proiektu estrategiko jakinen gaineko kontrola indartzea bai exekutibotik bai Kontuen Ganberatik”.

 

UPN-REN FALTA DEITORATU DU

Azkenik, Uxue Barkosek UPNk Geroa Baik eskaturiko bilerara ez joatearen erabakia aipatu du, “etxe honekiko eta nafarrok Parlamenturako erabaki zuten osaerarekiko erakunde errespetu falta” dela esanez. “Antzinako jarduteko moduen irudikapena da, gu etorkizunera begira jarraituko dugu”, esan du.

Edozein kasutan, Barkosek “UPNren boto emaileei” esan nahi die “haien ordezkariei esateko aukerarik izan ez duguna, nafar guztientzako Gobernua eraikitzea dela gure asmoa alegia, Gobernu trebea, barea, zentzuduna eta denboran luze egoteko asmoa duena”. 

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!