Iruñeko alkatetzarako Geroa Bairen hautagai Itziar Gómezek kandidaturako beste kideekin batera Merkatuaren Plazan egin duen agerraldian “UPN eta Enrique Mayaren jokaera sektarioa” salatu ditu, “politika aurkakotasunetik bakarrik ulertzen baitutelako eta inoiz ez baturatik”. Gómezen arabera, “ezberdintasunen aurrean sentikortasuna duen udal gobernu baten garaia iritsi da, aniztasuna aberastasuna dela ulertuko duen gobernua, eta aniztasun hori hizkuntzan ere badagoela”. “Aski da gaztelera euskaren aurka jartzeari hizkuntza bateraezinak izango balira bezala, bi hizkuntzetatik bakarrarentzako bakarrik lekua egongo balitz bezala. Gure hiriko paisaia linguistikoan bientzako lekua dago”, eskatu du Geroa Baiko hautagaiak.
“Geroa Bai gazteleraz harro dago, nola ez ba, baina baita ere euskaraz gure hiriko hizkuntza propioa den aldetik” ziurtatu du Gómezek. “Ulertezinak eta justifika ezinak dira hiriko hizkuntza paisaiatik euskal hizkuntza ezkutatzeko UPN eta bere alkate Enrique Mayaren etengabeko saiakerak” kritikatu du Gómezek. “Mayari beti ahazten zaio, denbora gutxirako espero dezagun, iruindar guztion Alkatea dela, baita euskaraz mintzatzen garona ere”, jarraitu du. “Gure hiriko hizkuntzetako batekiko Alkatearen errespetu faltaren adibide adierazgarri bezala kaleetako plakak daude, hala nola Merkatuaren Kalea (alkatearen arabera “Del Mercado Kalea” euskaraz), ez baitute bere euskarapenean toponimoa jasotzen, eta gainera euskal gramatikatik erabat kanpo dagoen egitura gramatikala dute”, argitu du Gómezek. Geroa Baiko zerrendaburuak esan du “UPNren gehiegikeria hauek mila bider salatu salatu beharra dago eta, bereziki, Enrique Mayarenak, hura baita azken finean arduraduna, kaleek euren izena Alkatetzaren ebazpenetik jasotzen baitute”.
Itziar Gómezek adierazi du “Geroa Bairen helburua elebitasun orekatua lortzea dela eta horretarako Euskararen Ordenantzaren jatorrizko izpiritua berreskuratu behar da, azken urte hauetan UPNk sartutako aldaketa murriztaileak ezabatuz, gaurkotuz eta garatuz, baina bereziki bere ezarpenean zuzentasuna berreskuratu behar da, eta behingoz UPN eta Enrique Mayaren interpretazio okerrak baztertu, gure hiriko euskara ezkutatzea beste helburu ez baitute”.
Hizkuntza paisaiaren inguruan “jatorrizko ordenantzan agertzen zen eta UPNk kendu zuen toponimia batzordea berreskuratzea” proposatzen du Geroa Baiko hautagaiak, “horrela batzorde honek bere garaian egin zuen proposamena gaurkotuz eta kale-izendegi elebiduna ofizial eginez”.
“Guztion Iruñea, bai gazteleraz bai euskaraz ere berreskuratzea ahalbidetuko duen aldaketa, Geroa Bairen eskutik etorriko da bakarrik, kultura aniztasun hau aberastasun moduan ulertzen dugunon eskutik. Aldaketa hau ez da inoiz etorriko ez UPNren eskutik, eta ez noski UPNk gobernatzea ahalbidetu dutenen eskutik ere” ziurtatu du hautagaiak amaitzeko.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.