Barkosek esan du Gobernura iristen bada Nafarroako Kutxan gertatutakoa ezagutzeko “azken hariraino eramango” duela bere lankidetza

Erabiltzailearen aurpegia Geroa Bai 2015ko mai. 20a, 00:00

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagai Uxue Barkosek ziurtatu du koalizioa Exekutibora iristen bada, “beharrezkoa den elkarlan zorrotza eta azken hariraino eramango” duela bere lankidetza Nafarroako Kutxaren gaineko ikerketa batzordean, “dimentsio orotan” gertatutakoa aztertzeko.

 Lankidetza honekin, Geroa Baik Nafarroako Kutxan “kudeaketa txarra, etikarik gabeko jokaerak bai eta gertatu izan liratekeen ustelkeria kasuak” ikertzea nahi du.

 Hedabideen aurrean foru Parlamenturako zerrendako bigarren Manu Ayerdirekin eta Eguesibarko alkate den Alfonso Etxeberriarekin batera egin duen agerraldian, Barkosek gogora arazi du hurrengo legegintzaldian Nafarroako Kutxaren gaineko ikerketa batzordearekin jarraitzea “parlamentuko talde guztien konpromiso argia” izan zela.

 Barkosek azaldu duen moduan, ikerketa batzorde honek “foru Gobernuaren babesa eduki behar du” eta, Geroa Bai Exekutibora iristen bada, “edukiko du, erabatekoa gainera”. “Batzorde horrek Nafarroako Gobernuaren babesa eta lankidetza edukiko ditu azken uneraino”, azpimarratu du.

 Foru eta udal hauteskundeetarako lau egun falta direnean, “Nafarroa osoan aldaketaren ateetan gaude bai eta aldaketaren Gobernuaren ateetan ere” nabarmendu du Barkosek, “aldaketa barea, zentzuduna, baina erabatekoa eta oso sakona Alfonso Etxeberria eta bere taldeak Eguesibarko Udalaren buru egin dutena da” azpimarratuz.

 Zentzu honetan, nabarmendu du gizartearen kezka “larrienetako bat” une hauetan ustelkeria dela eta “garrantzizkoa” jo du “politikan eta Nafarroan aldi berri” baten aurrean “etikaren muga onargarriak gainditzen dituzten jarduera txarrak eta zalantzarik gabe ustelkeria kasuak direnak argiki zehaztea”.

 OSASUNA, IBERDROLAREN AKZIOAK EDO PIRINIOKO AUTOBIDEA

 Foru parlamentura Geroa Bairen zerrendako bigarren Manu Ayerdik bere aldetik UPNren “kudeaketa okerraren” kasu ezberdinak aipatu ditu, hala nola Osasunaren zorraren kasua, bai eta esan “urte gutxitan 53 milioi euroko zorra metatzea UPNren Gobernuen adostasunarekin bakarrik izan dela posible”.

 Gai honen inguruan ziurtatu du Geroa Baik “milimetrora” ikertuko duela Kontuen Ganbarak lantzen ari den txostena eta “zorraren berregituraketaren gaineko foru legea ezartzen ari den moduaren inguruan gardentasun osoa” eskainiko dutela, “hiritarrek gai hauek guztiak ezagutzeko, beharrezkoa izango balitz, klubari baimena eskatuz”.

 Ayerdik Iberdrolaren akzioak aipatu ditu ere, “kontu honetan zenbat galdu den” argituko duen txosten tekniko bat lantzea Kontuen Ganbarari berriro eskatuz. Esan duenez, Geroa Baik “gainetik” egin duen balioespenak, galera hori 100 milioi euro baino handiagoa dela agertzen du.

 Pirinioko  Autobidea Ayerdik aipatu duen beste proiektua izan da, eta “itzalpeko bidesariaren metodoarekin egon den gain kostua zenbatekoa izan den argitzeko” koalizioaren konpromisoa agertu du, bai eta “Estatuari motaren bateko ordaina” eskatzeko aukera baloratzeko ere.

 Reyno de Navarra Arena, Nafarroako Ubidearen lehen fasearen handitzearen itzalpeko bidesaria edo Gendulain proiektua dira Manu Ayerdik aipatu dituen beste proiektu batzuk eta Geroa Baik “zorrotz” ikertu eta balioetsiko dituenak, baldin eta hurrengo hauteskundeetan Exekutiboa lortzen badu.

 Gainera, Geroa Bairen hautagaiak Gobernu Onaren Kodearen legeak “zein jarduera ez diren etikoki aproposak gehiago zehaztea nahitaezkoa” dela defendatu du, bai eta, bereziki, prozedura zigortzaile bat egotea, “hasiera, bideratzea eta ebaztea Gobernuarekiko independentea den organo” baten esku egongo den prozedura hain zuzen ere.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!