Koldo Martínezek Iruñean, Miserikordia Etxe parean, ostegun honetan Geroa Baik egin duen hauteskunde ekitaldian koalizioaren gizarte politika arloko neurriak azaldu ditu. UPNren Gobernuak “bere korralitoaren interesei begira egindako gizarte politika eta ekonomia politikak ezartzeko erabili du krisialdia, pertsona behartsuenak aintzat hartu gabe”.
Bere aburuz, foru Exekutiboak bere neurriekin “gizarte haustura handitu du” Komunitatean, bai eta txirotasuna ere. “Nafar askoren bizi proiektuek etorkizun mugatuagoa edukitzea lagundu du”, nabarmendu du, 2010etik 2015era Gizarte Politiken Departamentuaren aurrekontua %34,6 murriztu dela azalduz; 394,6 milioitik 258,1 milioira.
Gaineratu duenez, “egun Nafarroan 30.000 pertsona inguru txirotasun larriko egoeran daude, biztanleriaren %4 eta 5 artean alegia, krisialdia hasi aurretik zenaren hirukoitza”.
“berdintasuna, solidaritatea eta justizia birbanatzailea” defendatu ditu gizarte politiken ardatz moduan. “Gure gizarte politikak hiritarrei azken urteotan lapurtu zaien arreta maila berreskuratzera daude zuzenduta”, azaldu du.
NEURRIAK
Bere aldetik, Isabel Aramburuk, foru Parlamentura Geroa Bairen zerrendako seigarrenak, zehaztu du Lehen Arretan (Oinarriko Gizarte Zerbitzuak) “arreta lehen maila hau oinarrizko zona guztietan indartzea” bilatzen dutela, “beharrezko finantzaketa, langileria eta baliabide egokiak ziurtatuz”.
Gizarte barneratzean, “baztertze egoera larrian dagoen biztanleria espezifikoki kontuan hartuko duen” Barneratze Plan Intersektorial bat lantzea proposatu du, bai eta “Oinarrizko Errenta unibertsal baten bidez pertsona orori diru sartze minimo bat bermatzea, inor kanpoan utzi gabe”. Zentzu honetan, erresidentzia baimenik ez duten pertsonen eskubidea “aitortu” behar dela azpimarratu du, “mugarik gabe mantenduz, beharrizanak jarraitzen duen bitartean”.
Baita ere, beste neurrien artean, “Tailer-Eskolak bultzatu eta sendotzea” proposatu du, “Enplegu Tailerrak eta Babestutako Gizarte Enplegua”.
Menpekotasunaren arretari dagokionez, “autonomiaren sustapena indartzearen” alde egin du, “menpekotasuna ekiditeko neurrien” garrantzia nabarmenduz; menpekotasuna baloratzeko erabiltzen den denbora hiru hilabetetara murriztu eta bai baloraketan bai baliabideen ezarpenean itxaron zerrendak kendu; bai eta laguntzak birbideratu “zerbitzu emate zuzenak handituz diru-laguntzen ordez”.
Kudeaketa moduari dagokionez, Aramburuk nabarmendu du “zerbitzu publikoak defendatzearen eta sustatzearen aldeko apustua” egingo dutela, “egun daudenen kalitatea bermatuz, bereziki beharrizan motaren bat edo egoera problematikoa baloratzeko funtzioa duen zerbitzurik ez pribatizatuz, eta kudeaketa publikorako egingarriak direnak berreskuratu”.
Hitzarmena ere “berrantolatzea” planteatzen dute, pribatizatu diren zerbitzu guztien ikerketa zorrotza eginez, eta “koordainketa arautu eta mugatu, egoitza prestazioetara bakarrik mugatuz (baztertze sozialaren esparrukoak ezik) eta bi marra iraganezin ezarriz: inor ez da zerbitzurik gabe geratuko dirurik ez duelako eta inork ez du zerbitzu gehiago jasoko diru edo ondare gehiago duelako”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.