Iruñeko Alkatetzarako Geroa Bairen hautagai Itziar Gómezek ‘Gotorlekua. Kultura Garaikidearen Lekua’ proiektua aurkeztu du, “inguru paregabe hau, kultura garaikidearen adierazpen ezberdinetarako prestakuntza, sormen, hedapen eta partaidetza leku ireki batetan bilakatzeko” proposamena alegia.
“Gure planteamendua berritzailea, irekia, dinamikoa, anitza eta disziplina ugari hartzen dituena da, eta lekuko ekimen kultural eta sortzaileetatik abiatuz bai eta bere nortasun anitzetatik ere, Iruñea mugarik ez duen Europako hiri sortzaileen mapan kokatzea du helburu”, nabarmendu du Gómezek.
Geroa Bairen hautagaiak prentsaurrekoa eskaini du asteazken honetan zerrendako bosgarrena den Mikel Armendarizekin batera, proiektu hau aurkezteko, bere hitzetan “egiteko modu garaikideekin, kulturaren balio katearen kate-mailak nabarmentzeko” helburua duen proiektua.
Modu honetan, prestakuntza arloan, koalizioak hezkuntza programa bat diseinatu eta garatzea proposatzen du, “goizeko ordutegian Gotorlekuko erakusketa aretoak bizi eta esperientziaz beteko dituen” eskola bisitekin. Era berean, “ohiko hezkuntza programa beste hiri kolektiboetara hedatu nahi du, hala nola desgaitasunak dituztenenera edo familietara”.
Sormena eta produkzioaren inguruan, Geroa Baik sortzaileei sormen prozesu eta artelanen formalizazioa ikertzeko tailerrak eskaintzearen aldeko apustua egin du, bai eta berrikuntza, profesionaltasun eta ekintzailetza kulturalerako espazio berriak sustatzea ere”
Gainera, espazio hauek egoitza programa baten bitartez ardaztea proposatu du, “gure sortzaileak nazioarteko egoitza sarearekin lotzea” ahalbidetzeko.
Hedapenaren inguruan, Gotorlekuko eraikinak “kalitatezko” erakustokiak izateko “asmo handiko” apustua egin behar dela defendatu du Itziar Gómezek, horrela “Iruñean sormen garaikideko espazio erreferente bihurtzeko”. Zentzu horretan, “eraikin bakoitzean programazio zehatza, ezberdindua eta osagarria” egin behar dela esan du.
Gainera, Geroa Baiko hautagaiak “Gotorlekuko arte programazio guztiaren lehen helburua sortzaileen, artista kolektiboen bai eta ekintzailetza agente eta jendarte anitzaren partaidetza” dela defendatu du.
1972KO IRUÑEKO TOPAKETA BERRITU
Bestalde, Mikel Armendarizek azaldu du kultura arloan Geroa Bairen beste proposamenetako bat “1972ko topaketa mitikoak era batean edo bestean berritzeko ahalegina” egitea dela, “gaurkotuz eta Iruñean sormen garaikidearekin bi urtez behin egiteko zita bihurtuz”.
Gotorlekuko espazio irekiak mikro-ekitaldialdi egutegi bat egiteko aprobetxatu eta kultura produktuen merkaturatzea errazteko feriak, eta “elkatzeko-irakurtzeko-kafetegi espazio” bat antolatzea, Café Vienés-aren antzera dira koalizioaren beste proposamen batzuk.
Gainera, Geroa Baik arkitekto gazteentzako ideia lehiaketa bat egitea proposatzen du, “epe motzeko, jasangarria eta inguruarekiko begirunetsua” den arkitektura espazioak diseinatzeko, horrela Gotorlekua “hitzaldietarako, proiekzioetarako, antzezlanetarako edo musika proposamenetarako” leku aproposa bihurtuz.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.