Datozen hauteskundeetan Geroa Baiko Iruñeko alkatetzarako hautagai Itziar Gomezek Gizarte Zerbitzuen Udal Behatokia sortzea proposatu du, bere aburuz “funtsezkoa baita Gizarte Ongizatearen alorrak informazio guztia edukitzea, testuinguru sozio-ekonomiko berrietara egokitzeko datuak bai eta behar berriak ere”.
Behatokiaren lana, Gómezen arabera, “iturri ezberdinetatik (Gizarte Politika saila, INE eta abar) datorren informazio hori jaso eta interpretatzea izango litzateke, baina bereziki auzo unitateetako profesional eta erabiltzaileetatik datorrena”.
Horrela iragarri du Itziar Gómezek, bere Gizarte Ongizate politiken inguruko proposamenak aurkezteko ostegun honetan eskaini duen prentsaurrekoan. “Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuen kudeaketan UPN-k jardun duen utzikeriarekin amaitzea behar-beharrezkoa da” esan du hautagaiak, eta “azken lau urteetan UPN-k Udaleko gizarte zerbitzuen kudeaketan bere gaitasun politiko eta tekniko eza maiz agerian geratu dela” kritikatu du.
Gizarte Zerbitzuen Udal Behatokia sortzeaz gain, Gómezek “Gizarte Ongizate alorreko organigrama birmoldatzea” proposatu du. Koalizioko zerrendaburuak azaldu duenez, “gaur egun alorrak, alor-zuzendaritza, bi zuzendariordetza eta zazpi programa arduradun ditu”, eta bere proposamenean “bi zuzendariordetzak eta arduradun plaza bat ezabatzea eta espezializatutako taldeetan profesional kopurua handitzea” aurreikusten du, “oinarrizko gizarte zerbitzuen saturazioa arintzea ahalbidetzeko”.
Bestalde, “auzo unitateetan lau programen (harrera, menpekotasuna, haurtzaroa, gizarteratzea) ebaluaketa globala” defendatu du, “maila ezberdinetan, ez bakarrik kuantitatiboan” esan du. Horrela, “itxarote-zerrenda eta zita kopuruaz gain, profesionalen iritzia kontutan hartu beharko da, bai eta erabiltzaileena ere” gaineratu du.
Gómezen proposamenean “Udalean gaur egun dauden talde espezializatuez gain, Etxebizitzaren bidez Gizarteratzeko Lan Taldea (EISOVI gazteleraz) barne edukiko dituen Gizarte Zerbitzuen Zentroaren eraketa” dago. Zentro hau sortzea “abenduak 14ko 15/2006 Foru Legean agertzen da”, nabarmendu Gómezek, bai eta zehaztu “titulartasuna Udalarena izango litzateke, eta bere eginkizunen artean, oinarrizko gizarte zerbitzuei laguntza eman, espezializaturiko gizarte zerbitzuak koordinatu edo irizpide homogeneoak ezartzea egongo lirateke”.
HAURTZAROAREN UDAL PLANA
Geroa Bairen hautagaiak “Haurtzaroaren Udal Plan bat” egitearen alde agertu da, “kanpoko aholkularitza izan dezakeena eta Gizarte Ongizate alorretik zuzenduko dena”. Plana burutu baino lehen, esan du, “behar diren larrialdiko neurriak hartuko dira”.
Bere beste proposamenetako bat “Komunitate Prebentzio Arreta Zerbitzua (SAPC gazteleraz) elkarte ugaritasuna dagoen auzo guztietara hedatzea” da, “hala nola Mendillorri, Azpilagaña, eta Arrosadia, eta elkarte aniztasun hori ez dagoenetan hori bera bultzatu”. Modu honetan, “SAPC hiriko bost auzotan bakarrik edukitzearen besteekiko bidegabekeriarekin bukatuko da” Gómezen iritziz.
Azkenik, koalizioaren zerrendaburuak “SAD zerbitzuan ASIMEC enpresa publikoak besterik ez kudeatzea” defendatu du, bai eta “Udal Etxebizitzak Erabiltzeko Ordenantza bat onartzea, Udalaren etxebizitza hutsak behartsuenei uzteko”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.