Iruñeko Alkatetzarako Geroa Baiko hautagai Itziar Gómezek hiriko Alde Zaharrean talka-plan bat bultzatzea proposatu du, non soinuaren aurkako neurriak, 0-3 urte bitarteko euskarazko haur eskola martxan jartzea, leihoak berritzeko renove plana edota lekuko artisten artelanen erakusketarako hutsik dauden etxabeetan hiri-museo bat egitea proposatzen duen.
Itziar Gómezek prentsaurrekoan esan du planaren helburua “Alde Zaharra bizitzeko toki bihurtzea dela, eta bizitzeko tokiaz ari garenean, hezkuntzaz, osasungintzaz, aisiaz, lanaz, zerbitzuez edo mugikortasunaz ari gara hizketan”.
Geroa Baiko hautagaiak nabarmendu du Iruñeko Alde Zaharrak “elkarbizitza gatazka larria” duela, eta ostalaritza lokal berri gero eta gehiago irekitzen ari direla ohartarazi du, bitartean merkataritza dendak itxi direlarik. “Gatazka honetan bizilagunek denbora luzea daramate auzoan bizitzen jarraitu ahal izateko neurriak eskatuz”, planteatu du.
Egoera honi aurre egiteko, Itziar Gomezek soinuaren aurkako neurri zehatzak proposatu ditu adibidez, hala nola kale zehatzak eta hauen eraginpeko eremuak, eremu saturatu aitortuz, eta soinuen aurka leihoak berritzeko renove plan bat bultzatzea, bide batez eraginkortasun energetikoari loturiko inbertsio moduan.
Hezkuntza arloan, hautagaiak 0-3 urte bitarteko euskarazko haur eskola martxan jartzea planteatu du. Itziar Gómezek azaldu du zentro hau Casa Lunan kokatu daitekeela (Eslava kalean), nahiz eta aztertzen jarraitzen duen gaia den hau.
“Aurreko agintaldian toki honetan kokatzeko txosten bat eskatu genuen, eta egia da ez dituela ehunetik ehun haur eskolei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen, baina nolabaiteko malgutasuna iker daiteke auzo berezitzat dugun honetan. Oso leku interesgarria da, San Francisco Lehen Hezkuntzako eskolatik gertu baitago”, nabarmendu du.
Kultura arloan, Itziar Gómezek hiri museo “dinamikoa, kalekoa bertakoa” sortzea proposatu du, tokiko artisten lanen erakusketarako etxabe hutsak erabiliz.
POLIKIROLDEGIA ETA HIRI-ORTUA
Bestalde, ortuetako lurrazpiko aparkalekuari loturiko polikiroldegia bultzatzea planteatu du, bai eta Santa Ana enparantzan edota, aurkez daitekeen proiektuaren arabera beste puntu batetan, hiri-ortu komuna ezartzea.
Geroa Baik zaharrentzako plan-komuna martxan jartzea eskaintzen du ere, “auzoan, komunitate bereko kideen artean zaharren arretarako elkartasun sare bat” sortuz.
Honi lotuta, koalizioak elkar banatutako pisu pilotu-proiektu bat planteatzen du, horrela “akonpainamendu beharrak dituzten zaharren interesak eta bizitoki beharra duten gazteenak lotuz”.
Mugikortasuna dela eta, Itziar Gómezek udal etxabeak bizilagunen bizikletak gordetzeko moldatzea proposatu du, bai eta ortuetan lurrazpiko aparkalekua, oinezkoentzako tokietan ibilgailuen trafikoa murriztea aztertzea edota auzoko eskola zentroaren inguruetan (kale Berria) ibilgailuen abiadura mugatzeko neurriak hartzea.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.