Geroa Baik atzo Ribaforadan bere udal kandidatura aurkeztu zuen erriberako herri honetarako, Gobernuko lehendakaritzarako hautagai Uxue Barkos lekuko izan zuen hitzaldi batetan. Rafa Eraso zinegotziak zerrendaburu izaten jarraituko du, atzo kandidatura lagun izango dituen pertsonak aurkeztu zituztelarik, hala nola Ribaforadako zinegotzi ere den Txema Sánchez, Ana Isabel Martínez, Andrea Arriazu, Karla Enrique, Pilar Hernandez eta Yolanda Morentin.
Uxue Barkosek bi zinegotziek Ribaforadan egindako lana goraipatu zuen, “irmotasunez eta adorez, eraginkortasunez gain, krisialdi ekonomiko garai honetan udal gobernutik gizarte politikak garatzeko gai izan direlako”. Zentzu honetan, Gobernuko lehendakaritzarako hautagaiak adibide gisa hartu zuen Ribaforadan egindako lana: “asmo handiko lana dugu aurretik, erronka ederra eta politikariekiko gogaitasuna ageria den une honetan egiten saiatu behar dugu gainera, nafar politikagintzan agertu diren aktore berriekin bai eta datorren maiatzaren 24an hautestontzietatik irtengo den Parlamentuak inkestek agertzen duten aldaketa irrika islatuko duenarekin itxaropentsu”.
Barkosek “elkarrizketan oinarrituriko eta UPNren gobernuen ekintzek izan ez duten zuzentasun eta parekidetasunaren baloreak edukiko dituen aldaketaren” alde egin zuen. Geroa Bairen hautagaiak Nafarroa bere onera ekartzeko konpromisoa hartu zuen, bai eta azken urteetan UPNren kudeaketa okerra dela eta galdu ditugun egiturak berreskuratzekoa ere: “Nafarroako Kutxaren galerak, Nafarroara zuzenki loturiko finantza entitaterik ez edukitzera eraman gaitu, autonomoei, enpresa txikiei eta, azken batez, nafar enpresa-ehunari arazoak ekarriz”.
Uxue Barkosek, hurrengo Nafarroako Gobernuak “UPNk eman nahi duen gure lurraldearen irudia aldatzeko” garaia dela esan zuen, “bi Nafarroa ditugula alegia, Erriberakoa eta Piriniokoa, Iruñekoa eta Tuterakoa. Nafarroa lurralde anitza da eta ezin ditugu ezberdintasun ekonomikoak ez eta azpiegituretan eduki, eta zentzu honetan Erriberak asko du esateko, Ribaforadan orain amaitzen den agintaldi honetan frogatu den moduan”.
Koalizioaren hautagaiak esan zuen “UPN kudeatzaile txarra dela frogatu du. Navarra Arenan Gobernuaren esku hartzea dela eta Comptos Ganberak egin duen txostena latza da, proiektuari bideragarritasuna emango zion paper bakar bat gabe ere, inolako planik gabe 60 milioi euroko inbertsioa arriskuan jarri baitzen”.
Barkosek “enplegua, kalitatezko enplegua alegia, sortzeko konpromisoa” azpimarratu zuen, bai eta enplegu ministrak parlamentu-galdera bati eman zion erantzuna gogoratu “kontratu berrien soldatak %40 baxuagoak dira, izugarria hau, prekaritate eta txirotasun gehiago dagoela esaten baitu horrek”.
Rafa Erasok, bere aldetik, “Geroa Bain orain Nafarroan aldaketaren garaia dela uste dugu” aitortu zuen, “baina aldaketa horrek herritarretatik hurbilen dagoen erakundetik etorri behar du ere, Udaletatik alegia. Ribaforadan norabide horretan eman ditugu pausuak jada, eta norabide horretan jarraituko dugu”.
Erasok agintaldiko 4 urteak oso modu baikorrean baloratu zituen, “udal gobernu lasai batekin, beste agintaldietako izu-ikararik gabekoa, ikusmolde aurrerakoietatik udal baliabideak modu eraginkorrean kudeatu duen udal gobernua izan da”.
Ribaforadako alkatetzarako koalizioko hautagaiak gogora arazi zuen “2011ko apustua hurbileko udal politika egitea izan zela, jendea entzunez eta partaidetzaren aldekoa, eta printzipio hauek hurrengo agintaldirako edukiko ditugun berdinak dira”.
Erasok “Ribaforadak dituen baliabideak zuzen kudeatzeko” gai izan direla azpimarratu zuen, “arreta sozialari lehentasuna eman dion aurrekontu estutu batekin, bizilagunen eta elkarteen partaidetzaren aldeko apustua egin da, ekimen berritzaileei irudimenez egin zaie aurre eta bizilagun guztientzako eskubide berdintasuna defendatuz beti”.
Azkenik, Geroa Baiko hautagaiak udal programaren ardatz nagusiak azaldu zituen, non zutabe nagusiak gaztedia, udal egunerokoan erabakiak hartzeko bizilagun batzarrak, udal ondarea babestea, ingurumenaren defentsa eta frackingari kontra egitea, udal zerbitzuetan arreta hobea eta 0-3 urte bitarteko edo musika ikasketentzako udal zerbitzuen garapenerako finantzaketa zuzen baten eskaera dira.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.