Gobernuak eta Club Athlético Osasunak Taxoare eta Sadar estadioaren balioztatzea, azaroan onetsi zen Foru Legeak zioenaren arabera, 43 milioi eurotan egin dela jakin dugu komunikabideen bitartez. Hauek diotenez, esandako Legearen konplimendua medio, Osasunak zor osoaren eta 43 milioko balioztapenaren diferentzia hurrengo 30 urteetan ordaindu beharko lituzke, 10 miliotan baloratzen delarik diferentzia.
“Hala ere” dio Geroa Baiko parlamentari Manu Ayerdik, “Osasunako Kudeaketa Batzordeak parlamentu-taldeei 2014ko urrian emandako informazioaren arabera, balioztaturiko zenbait ondasunek La Caixan hipoteka zama zuten, orduan amortizatzeke 4,3 milioi euro zeudelarik”.
“Horrela” gogoratu du Ayerdik “Kudeaketa Batzordeak berak bi aukera planteatu zituen momentu hartan: lehena, onibarrak esandako zamekin eskualdatzea (hau da, eskuratzaileak ondasunak eta zamak hartzen zituen) eta bigarren bat, non ondasunak zamarik gabe eskualdatzen ziren, aurretik hipoteka-bermea Nafarroako Gobernuaren abal baten truke aldatzea beharrezkoa zelarik edota mailegu horren ezeztatzea ondoren Nafarroako Gobernuaren abalarekin beste kreditu eskatuz”.
Onartutakoaren arabera, Gobernuak 4 milioiko abal berria eman dio Osasunari klubak bere jarduera finantzatu dezan, baina ez du ondasunen hipoteka-zamekin loturarik duen abalik eman.
Gauzak horrela, Manu Ayerdik iritzi du “badirudiela instalazioak Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasako direla esandako hipoteka-zama barne, Nafarroako Gobernua 43 milioitan balioztatu diren ondasunekin eta 4,3 milioiko zorrekin (hori zen urriko kitatzea) geratuko da. Hau horrela balitz, balioztatzea zuzena den edo ez denaren eztabaidan sartu gabe, Gobernuak ez lituzke 43 milioi jasoko, baizik eta 39 milioi baino pixka bat gutxiago”.
Horregatik guztiagatik, Geroa Baik Nafarroako Gobernuak ondasunak zamaz libra jasoko dituen argitzeko eskatu dio Lourdes Goicoecheari: erantzuna baiezkoa bada, koalizioak jakin nahi du zein operazio egin diren 2014ko urrian zegoen zama ezeztatzeko; aurkako kasuan, zeintzuk diren jasotzen diren kargak zehazteko eskatuko zaio Goicoecheari.
Era berean, Geroa Baik beharrezkoa deritzo Nafarroako Gobernuak argitu dezan zein izango den Osasunak Ogasunarekin duen zorretik kitatzeke geratzen dena aurreikusitako eskualdaketaren ondoren.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.