Geroa Baik aldaketa hau baloratu du, gurasoek askatasunez eta Nafarroako zein tokitan bizi diren axola gabe, haien seme alabentzako hezkuntza eredua aukeratzeko ahalmena edukiko dutelako.
Geroa Baik sendotasunez babesten du hiritarren hizkuntza-eskubideak mugatzen dituen araudi guztiaren indargabetzea, NFEBHLOren (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa) 9. artikulutik hasita, non gaztelania aitortzen den Nafarroa osoko hizkuntza ofizialtzat euskararen ofizialtasuna ordea “Nafarroako eskualde euskaldunetara” zokoratuz, bai eta abenduak 15ko 18/1986 Foru Legea, euskararena, gaur aldatua.
Koalizioaren arabera “gaurkoa aurrerapauso garrantzitsua da euskara eta gaztelaniaren arteko parekatzea bultzatzeko, bi hizkuntzen arteko desorekarekin amaituz, eta horrela bizilekuaren arabera hiritarrei eskubide batzuk edo beste ematen dizkieten hizkuntza-muga artifizialak apurtuz.
Geroa Bairen aburuz, gaur aldaketa hau gertatzeko akordioa egon den bezala, premiazkoa da indarrak batzea “euskararen sustapenerako aurrekontuak pairatzen duen murrizketa larriarekin amaitzeko; ekimen sozialeko euskaltegiei diru-laguntzen ukatzea; hizkuntza-paisaian euskara desagerrarazteko grina; Iruñerrian euskara hutsean egiten duen irrati bakarrari lizentziaren ukapena; EITBren seinale digitala hartzeko eragozpenak; funtsik gabeko salaketekin D eredu publikoaren jazarpena, eta abar”.
URRIA EH BILDUREN ZUZENKETA
Bestalde, Geroa Baik gogora arazi du zuzenketak aurkezteko epean berea aurkeztu zuela, non, bere iritziz eskualde ez euskalduneko ikastolek jaso beharreko tratua proposatzen zuen.
Zuzenketak eztabaidatu eta atzera bota ziren bai Geroa Bairena, bai EH Bildurena ere. Eztabaida hartan, Geroa Baik EH Bilduren proposamena urria zela nabarmendu zuen. Geroa Baik proposatu zuen babes bera planteatzen zuen hark, garraio eta jantoki kostuak gain hartzea alegia, baina eskaintza publikoa ez zegoen ikasmailetan soilik. Azken atal honetan zen Geroa Baik iritzi ezberdinekoa.
Eztabaidaren ondoren, eta Parlamentuko araudiaren arabera, EH Bilduk bere zuzenketa gaurko osoko bilkurako eztabaidan mantentzeko eskaera egin zuen. Geroa Baik ez du hori egiteko aukerarik izan, atxiki gabeko parlamentari diren heinean denek dakiten berezitasuna dela eta.
Testuinguru honetan, Geroa Baik, EH Bilduren zuzenketa oraindik ere urritzat badu ere, baietza eman dio berea ezin izan duelako babestu eta hura gutxienez ezer baino hobea delako.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.