Geroa Baik, haurdunaldia borondatez etetea bermatzeko orduan Nafarroako Gobernuak berdintasun printzipioa urratzen duela salatu du

Erabiltzailearen aurpegia Geroa Bai 2015ko mai. 3a, 00:00

Geroa Baik Osasun sailak berriro ere “osasun zerbitzuak jasotzeko orduan berdintasun printzipioa urratzen duela” salatu du “enbrioi-garapen berantiarrean fetuaren alterazio larriak antzeman dizkieten emakumeak haurdunaldia borondatez eteteko beste erkidegoetara lekualdatuz”.

Koalizioak dio “lekualdaketa hauek arriskuak dakartzatela balizko in itinere istripu baten aurrean” eta nabarmendu du aldi berean “logistika aldetik ere arazoak badirela, lekualdaketa hauek etxetik kanpo bi egun egotea eskatzen baitute, bai eta gastu ekonomikoaren aldetik ere, pazienteak tokialdaketarako eta ostatu eta mantenurako dirua aurreratu behar duelako”. “Egoera honen aurrean, ebakuntza egin eta bi hilabete inguru pasa arte ordaintzen ez diren gastu hauek aurreratzearena alegia” koalizioak foru Gobernuari galdegin dio “ea hori ez ote den eragozpen bat gehiago erosteko ahalmen gutxiendun pazienteentzako, hartzeko eskubidea duten osasun zerbitzu bat jasotzerako orduan”.

Halaber, Geroa Baiko parlamentari Patxi Leuzak Osasun sailari planteatu dio “gaur egun Nafarroak zerbitzu hori jasotzerako orduan berdintasun printzipioa urratzen ari ote den, badirelako Iruñean abortatu dezaketen emakumeak, baina beste batzuk ordea Bilbora, Madrilera edota Zaragozara joan behar dute, esandako erantsitako eragozpenak jasanez”.

Leuzak gainera, foru Gobernuak “SNS-Osasunbidea eta pazienteak deribatzen dituzten klinikekin hitzarmenik badagoen” azaltzea nahi du, “eta hala bada, zeintzuk diren hitzarmen horien nondik norakoak eta departamentuak sinatzen duenez, zeintzuk diren asistentziaren kalitate irizpideak”. Horretarako guztirako, Geroa Baiko parlamentariak idatziz erantzun beharreko galdera sorta bat erregistratu du foru Ganberan.

 

 

OBJEKTORE ERREGISTROA

Bestalde, Haurdunaldia Borondatez Eteteko Objektore Erregistroaren inguruan, Geroa Baik Osasun sailari eskatu dio “SNS-Osasunbidean haurdunaldiaren borondatezko etetea (HBE) egitearekin zuzenki inplikaturiko zenbat osasungintza-profesionalek tramitatu duten eta zein datatan” informa dezan.

Halaber, koalizioak Osasun sailari galdetu dio “ea baduen zenbat eskaerek lege baldintzak bete ez dituzten ziurtasunik duen edota zuzenki inplikaturik ez zeuden profesionalek aurkeztuak izan diren”. Zentzu honetan, Geroa Baiko parlamentari Patxi Leuzak foru Gobernuari galdetu dio “ea badakien HBE batekin zuzenki inplikaturik ez duden eta objektore direla ziurtatzen duten zenbat medikuk ukatu dieten, adibidez, ebakuntza egiten den beste erkidegoetara lekualdatzeko baja emakumeei, prozedura hori eragotziz eta bidegabeko, legez kontrako eta ez-legitimoa den erantsitako sufrimendua eraginez emakumeoi”. Leuzak  jakin nahi du “egoera hauek ekiditeko zein neurri hartu dituen departamentuak”.

Bestalde, Geroa Baik Nafarroako Gobernuari eskatu dio “objektore ez diren medikuek SNS-Osasunbidean osasun zerbitzu hau emateko zein neurri hartu dituen” azal dezan.

Azkenik, “badirenez ideologia arrazoiak bakarrik direla eta, emakumeei antisorgailuak errezetatzera ezekoa ematen duten medikuak”, Patxi Leuzak foru Gobernuari “departamentuak kontrazepziorako emakume hauen eskubideak bermatzeko hartutako neurriak” azal ditzan eskatu dio.

 

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!