BERRIAko azalaren azpiko aldean argazki txiki bat, baina hara joan zaizkit ba begiak: bost pertsona ageri dira dantza imintzioan, zein baino zein ikusgarriago jarreran eta janzkeran. Izenburua, hauxe: “Vogue-a. Dantza eta jarrera soziala”. VOGUE, niretzat, aspaldian ahaztuta neukan moda aldizkari bat zen. Eta bai, aldizkaritik datorkio nonbait dantzari izena eta estiloa. Joan naiz Iker Tubiak egindako bi orriko erreportajera, eta hara, lehen sorpresa, Tubiaren kontakizuna horrela hasten baita: “Nabarreria plazan, Iruñean, jendea poteoan da. El Juncal dantza aretotik bost lagun atera dira, nortasun handiko pausoak emanez. Beroki luzeak, takoidun botak edo zapatak, crop top-a, kamiseta gardena, minigona, urratutako galtzak, margotutako azazkalak eta begiak. (…) Vogue dantzariak dira, eta Iruñea astintzeko gogoz daude”. Hortik aurrera Tubiak kontatzen du nola Vogue-a 70eko hamarkadan sortu zen Estatu Batuetan, afrikar jatorriko eta Latinoamerikako emakume trans batzuen eskutik. Familia moduko batean egiten omen da dantza eta etxea deitzen diote osatzen duten egiturari. Bost dantzariek, izenaz gain, izengoitia daramate. V-Majestic-ek honela definitzen du voguing-a: “(…) aktibismo modu bat da, zuzena den hori aldarrikatzeko eta borrokatzeko daukadan manera”. Gure inguruan, Iruñean bakarrik omen dago, oraingoz, voguing taldea. Erreportaje bikaina taxutu dute Iker Tubiak eta Iñigo Uriz argazkilariak.