“Itoizko urtegiko udalei ordaina ematea aztertuko dute, hemezortzi urteren ondoren”. Gaurko BERRIAren azaleko bigarren izenburu nagusia da hori. Barruan, Nagore herriko argazkia, urtegiaren ertzean. Memoriak atzera eraman nau, 2003raino: gogoan daukat nola maiatzaren lehenaren bezperan joan nintzen inguru haietara ETBko Postdata saiorako erreportajea grabatzera. 2003ko agendan aurkitu dut hitzordua: 11:30etan Agoitzen. Hortik aurrera lausotuta daukat oroitzapena, baina ez sentipena: urak neurri handian irentsiko zuen herriaren azken orduak jaso genituen. Abelera hark eztarrian eragiten zuen korapiloa berritu egin zait; harrez gero ez naiz Nagoren eta inguruetan izan. Denboran atzerago eraman nau BERRIAren Iritzia atalean Patxi Zabaleta eta Iñaki Zabaleta leitzarrek idatzi duten artikuluak: “Kanpion, 51 urte euskal murgilketan” du izenburua; Arturo Kanpion Akademiaren sorrera du kontagai. Historia horretako urte batzuk partekatu nituen 1971-1976 bitartean; gau-eskolak Eskolapioen kolegioan ematen ziren garaikoak, baita Konpainia kalera egindako aldaketa ere. Bi Zabaletatarrek ondorio gordina jartzen dute mahai-gainean, baieztapen honekin: “guk ez genuen orduan sinetsiko (…) XXI. mendean, ustezko berrogei urteko demokraziaren ondoren eta indar politiko abertzaleak agintean egon eta daudelarik, Nafarroa osoan euskara ofiziala eta librea ez izatea oraindik”. Premiaren gorriaz azpimarratuta datoz gaur Itoiz eta euskara.