Egurrezkoak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2021ko api. 20a, 14:41

Otsagabiko argazkiak salto egin dit begietara: herria goitik hartuta. Era berean salto egin dit begietara izenburuak: “Ikerlan batek dio loturak daudela euskararen eta naturaren balioen artean”. Aizue, eguna pizteko eta pozteko moduko albistea. Unai Pascual eta Dylan Inglis ikerlariek egin omen dute azterketa Pirinioen inguruan. Aezkoa, Garazi, Zaraitzu eta Zuberoako biztanleek Irati eta Arbaileta oihanekiko daukaten harremana aztertu eta hauxe aurkitu dute: “basoaz euskarazko leku izenen bidez disfrutatzea oso garrantzitsua” dela inguru horietako herritarrentzat. Hurrengo argazkiak basoa ez, baina egurra du motibo. Hamahiru gazte ageri dira zurezko egitura baten barruan eserita. Kamiseta beltza dute uniformetzat, eta kamiseta horietako gehienetan, argazkian ikusten ez bada ere, badakit “Donibane” jartzen duela. Orain aste batzuk Pasaia San Pedron ikusi nuen taldea. Parean Pasaia Donibane izanik, hangoak izango zirela pentsatu nuen. Oker nenbilen. Xabier Agotek, Albaola Itsas Kultur Faktoriako zuzendariak kontatu zidan Iruñeko Donibane Lanbide Heziketa zentroko ikasleak zirela, eta Albaolan egurrezko jangela bat eraikitzen ari zirela bertako langileentzat. Haiekin batera, Angeluko beste ikastegi bateko gazteak zebiltzan. Albaola itsas-ontzigintzako lantegia baino gehiago da benetan. Izenak dioen bezala, faktoria bat da, egurraren inguruan amaraun soziala ere josten dakien faktoria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!