Martxoaren 9koak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2021ko mar. 10a, 11:53

Bi balkoi eta beste baten ertza ageri dira. Erdiko balkoian trapu morea, emakumeen askapenaren ikurrarekin. Bi lelo irudiei laguntzeko: “Gora borroka feminista” eta “Egunero da martxoak 8”. Hori da gaur Zaldieroak dakarrena.
Batzuetan gertatzen dira halako sinergia eta kontra-sinergia batzuk hainbat mezuren artean, eta gaurkoa kasu horietako bat da. BERRIAren hamazortzigarren orrialdean Zaldieroarenak eta Eider Goenagarenak egin dute topo. Goenagaren izenburua: “Gaur ez da Martxoak 8”. Ea, zertan geratzen gara: egunero da martxoak 8 ala gaur ez da martxoak 8? Goenagaren arrazoiak hitzez hitz: “Tamalez, gaur ez da martxoaren 8a. Eta gaur dena bere onera itzuliko da”. (Bere onera, letra etzanez idatzita doa). 
Orrialde berean Andoni Egañak bere aurreiritzi baten aitorpena egiten du; nola behin Maialen Lujanbiori bertsotarako gai hau jarri zioten: “Jubilatu zinenetik maiz joaten zara mendira bakarrik”. Egañak gizonezkoa ikusi omen zuen Lujanbiok botatako bertsoetan. Alegia, logika paradigmatikoa: mendira bakarrik joaten denak gizonezkoa behar du izan derrigor. 
Gaurko BERRIAren hamazortzigarren orrialde horri Goizalde Landabasoren artikuluak eman dio bukaera. Izenburua, potentea: “Emakumeak gorroto dituzten gizonezkoak”. 
Atzo, astelehena, BERRIArik ez, eta biharamunera pasatu dira emakumeen eguneko mezuak. Modu horretara indartu egin da Zaldieroak jasotako leloa: egunero da martxoak 8. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!