BERRIAren azaleko izenburu honek piztu dit arreta: “Saiatu naiz hizkuntza fisikoa egiten, eskuekin heltzekoa”. Hori dioena Leire Bilbao idazle ondarroarra da. Kulturako orrialdeetara joan eta han dago idazlea, begirada zuzenarekin, ezpain gorriak irribarre barean, eskuak poltsikoetan, eskaintzeko zerbait daukanaren jarreran, inposatu gabe eta inpostatu gabe. Bere atzean hiru zebra ageri dira, trostan, indartsu. Fokuko Marisol Ramirez argazkilariak zukua atera dio kaleko horma irudiari. Izenburuan, kakotx artean, Leire Bilbaoren baieztapen hau: “Ama egin ondoren, beste hizkuntza bat erabiltzen da, ordura arte ez erabilia”. Elkarrizketaren egileak, Amaia Igartuak, honela aurkezten du poetaren azken obra: “Uraren sinbologia sorkuntzarekin lotu izan dela aprobetxatuz, Bilbaok sortzearen hainbat adieraz hitz egiten du Etxeko urak poesia liburuan: amatasunaz dihardu, baina baita hizkuntzaz eta literaturaz ere”. Oroimenak atzera egin dit. Duela hamarkada batzuk ez zegoen horrelako piezarik gure kazetaritzan. Alegia protagonista, elkarrizketatzailea eta argazkilaria emakumezkoak izango ziren piezarik. Areago, ez zegoen amatasuna eta sorkuntza hain era gardenean lotuko zituen elkarrizketarik. Gogora datorkit Balendiñe Albizu, gerra ostean Venezuelara exiliatu zen poeta zumaiarra. Hark sukaldetik idazten zuen poesia, tipulak eragindako malkoak eta bestelakoak nahastuz. Albizuren editorea fraide bat zen, Santi Onaindia.