Death Cafe

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2021ko urt. 19a, 11:24

Konbentzionala da,  nolabait, argazkia. Hamabost lagun borobilean eserita, sei gizonezko eta bederatzi emakume, adin ertainekoak gehienak. Erdiko mahaian, kafea. Serio ageri dira denak, baina aldi berean lasaitasuna sumatzen da giroan. 
Death Cafe deitzen duten saio bat da; Death Cafe esanda, arinagoa gertatzen da kontzeptua; euskarara itzulita –Heriotzaren Kafea– gordinagoa. Argazkiko bilera Azpeitikoa da; duela urte pare bat hasi omen ziren han Death Cafe saioak egiten. 
Zihara Jainagak BERRIAko erreportajean hitz gozoak erabili ditu gaia aurkezteko: “Heriotza nolabait laztandu eta samurtzeko, heriotzari buruz jarduten dute Death Cafe egitasmoetan”. 
Iñaki Arregi dinamizatzailearen esplikazioa: “Motibazio bat izaten du jendeak halako ekimenetan parte hartzeko, eta motibazioen atzean behar emozional bat egoten da gehienetan”.  
Beste gogoeta hau egin du Oiane Valenciano parte-hartzaileak: “Bizitza osoa igarotzen dugu saihesten”. (Heriotza saihesten, alegia). “Eskolara bizitza nola bizi ikastera joaten gara; heriotzaren aurrean, aldiz, ez daukagu ikasketarik”. 
Bizigiro ataleko erreportajeak erakusten du badagoela jende ausarta, tabua hautsi eta heriotzari aurrez-aurre begiratzeko ausardia daukana. 
Elixabete Garmendia Lasa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!