Argazkian gizon sasoiko bat goitik behera datozen eskaileretan eserita. Gorbata eta amerikana daramatza soinean, baina antz ematen zaio jantzi hori ez duela ezkutu modura erabiltzen: txaketaren mahukak eskumuturretik gora jasota dauzka, bistan utziz erlojua eta beso iletsuak. Aurpegian irribarre barea; betaurreko handien atzean miopearen begirada kontzentratua. Jon Urainek “Zubigile baten betaurrekoetatik” izenburua jarri dio BERRIAko erreportajeari. Betaurrekoduna Ernest Lluch da, duela hogei urte ETAk hil zuen intelektual eta politikari katalana. Behin ikusi nuen Ernest Lluch Donostian, udako iluntze batean, Parte Zaharreko Haizea tabernan. Beste norbaitekin zegoen, mahaitxo batean eserita, taberna horretako pintxo goxoren bat dastatzen. Ez turista modura, bertako edozein bezala. Badakizue, apartamentu bat zeukan Donostian eta sarri etortzen zen hona. Igandean ETB2an eman zuten “Ernest Lluch, libre y atrevido” erreportajean, haren figura marraztu zuten bere lagun, ikasle eta alderdikide izan zirenek, tartean baita bere alaba Eulalia Lluchek ere. Erreportaje bikaina izan zen, historia, suntsipenerako erabili ordez, eraikitzeko baliatzen dutenetakoa. Ernest Lluchen beste alaba batek, Rosak, Foro Sozial Iraunkorraren saioetan parte hartu izan du. Esperientzia horretaz hauxe dio BERRIAn: “Harritu nau errealitate paraleloak egon direla, gutxitan egin dutenak topo”. Atzo lagun batek, ETAren beste hilketa batez ari ginela, kontzeptu hau bota zidan whatsappean: “Egia poliedrikoa”. Kafetegiak zabaldu bezain azkar, saio bat egin beharrean gaude biok egia poliedrikoaren ertzak miatzeko.