Ilargia alternatiba

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko urr. 27a, 12:29

Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak beltzera jo du gaurko azalean: kale ilun bat, genero beltzeko eszena beldurgarriren bat gertatzeko zorian. BERRIAk ere beltzera jo du, zehatzago esanda, zuri-beltzera: mantxeta zurian jarri du, Ilargiaren argazki grisaxkaren gainean. Izenburuak dio Ilargian ura omen dagoela. Hori irakurri eta segidan etorri zait Julen Lekuona zenaren kanta hura: errepikan “Agur, agur, agur, Ilargira noa…” dioen hura, eta lehen estrofan: “Nerekin damazkit pentsakizunak, neronekin ezin ikusiak, nerekin gose ta gorrotoak, neronekin inbiri guztiak”. Egia esan, gaur goizean alternatiba gisa ageri da Ilargia.Tamalez, Lekuonaren motxilarekin joanez gero, hau da, Lurreko zaborrak hara eramanda, a zer kuxidadea satelitearentzat. Inbiriak aipatzen ditu Lekuonak; nik ifrentzu modura harrokeriak jarriko nituzke. Aitortu behar dut pandemiaren lehen erasoan, Gipuzkoan txukun samar ibili ginenean, pentsakizun xelebreak ibili nituela buruan. Alegia, nafarrak badakigu zeinen festazaleak diren; bizkaitarrak, zeinen harroxkoak; arabarrak inuxente samarrak… Gu, gipuzkoarrok, diskretu eta txintxoagoak garenez gero, hobeto libratzen ari gara. Esan beharrik ez, bigarren erasoak mutu eta ziplo umilduta utzi nauela, ezinbestean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!