Euskalerria Irratiaren denboraldi hasiera eta Donostiako Zinemaldia paretsuan gertatzen dira urtero. Tarte honetarako lehen argazkia duela hamar urte egin nuen, 2010eko irailaren 21ean, eta orduan Donostian zebilen Julia Roberts aktoreari eskaini nion.
Aurten filmen albisterik ez dizuet emango. Aurten sarrerak online erosteko lan nekoso horretatik libratu naiz. Eskerrak hor dauden BERRIAko kritikariak: haien bitartez jasotzen dut pelikulen berri.
Hirian, berriz, ez da beste urteetan bezala antz ematen zine-jaialdia. Esaterako, zine-jendea garraiatzen duten auto ofizial dotore horiek bakan dabiltza. Victoria Eugenia antzokiaren eta Maria Cristina hotelaren parean eskegitzen dituzten panel erraldoiak han daude, bai, urtero bezala. Baina alferrik, gune hori dena hesituta baitago, oinezkoentzat debekatuta.
Inguru horretan begiztatu nuen, herenegun iluntzean, jo eta ia-ia lurrera bota ninduen muntaia: Maria Cristina hotelaren ondoko lorategian, bi metro luzeko kartel gorriak ilaran, eta bakoitzean letra bana zuriz: P-A-T-R-I-A. Bai, asmatu duzue, Patria, Fernando Arambururen nobelan oinarritutako seriearen propaganda. Autobusen markesinak ere, Patriaren iragarkiek hartuta dauzkate Donostian, nonahi.
Hasieratik publizitate oldarkorrarekin aurkeztu zuten zortzi orduko telesaioa. Irakurri dut lan bikaina egiten dutela bertan hemengo aktoreek. Pozten naiz. Baina Arambururen obra lerratu, manikeo eta gogaikarriak omnipresentzia hori izatea aurtengo SSIF-en, ez da –inolaz ere- parte oneko notizia. A! Eta kartel zuri-gorri erraldoien ilara hasten da, justu, Aita Donostiaren bustoaren ondoan, hura txiki, ezdeus eta tokitik kanpora utziz.