Boskotea Lekarozen

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko mai. 26a, 13:06

Gaur ihes egin diet eguneko argazkiei; tabernetako terrazetan maskara lepora jaitsita ageri diren bezero ausarten irudiei. Argazki historiko bat hartu dut, zuri-beltzekoa, Lekarozen egina. Bost gizonezko ageri dira; erdian paisanozkoa; bi aldamenetan bina abitudun dauzka, kaputxinoak. Erdikoa Maurice Ravel musikaria da; kaputxinoak berriz, Hilario Olazaran, Lizarrako musikagilea; Damaso Elizondo, Lekarozko errektorea; Aita Donostia eta Jorge Riezu musikologoa. Zehazki 1927ko uztailaren 31koa omen da irudia, oinean Juantxo Egaña argazkilariak esplikatzen duenez. GARAren Gaur8 eranskinean atera zen duela hamar egun. Argazkiak lagunarteko giroa erakusten du. Ravel irribarretsu, besoak aldamenetan dauzkan bi kaputxinoen sorbaldetan tinkatuta. Aita Donostia bere betiko aurpegikerarekin, urrutira begira, auskalo zer doinu belarrietan. Ravel dotore jantzita, gaur egungo estiloso batek imitatzeko moduan. Kaputxinoak beraien kaputxa, gerriko kordoi eta sandaliekin… Aita Donostia salbu; honek galtzerdiak eta zapatila bitxi batzuk daramatza. Hilario Olazaran txistuko partituretan ezagutu nuen. Jorge Riezuk Lekarozen zegoen altxor musikalaren lagin bat erakutsi zidan behin, Zeruko Argiarako erreportaje bat egitera joan nintzenean. Lekaroz, izan ere, euskal musikaren laborategi emankorrenetako bat izan zen joan den mendean. Argazkiari laguntzeko Aita Donostiaren preludioren bat gomendatuko nuke, esaterako “Oinazez”. Melankoliarako tartea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!