Koadro handi bat paretan. Autoerretratua da, Bixente Ameztoi pintorearen autoerretratua. Hor ageri da bere melena gorriztarekin, lepoan ere gorria painelua. Bueno, kontua da bere buru hori erraldoi batek daramala, eta izatez, harena da painelu gorria. Ingurua dena berde, basa, eta han barrenean baserri bat, agian herri bat ere bai, mendian.
Otsailaren 11an inauguratu zuten Bilboko Arte Ederren museoan Ameztoiren erakusketa antologikoa, urtetan atzeratu den proiektua. Nire agendan Bilbora lasai joateko asmoa zegoen, Museoan sartu eta nahi adina denbora pasatzeko, aspaldiko partez, Ameztoiren munduan.
Mundu horren deskripzioa Jone Rubiori hartuko diot, BERRIAn egin duen erakusketaren iruzkinetik: “Belar-metak, ikurrinak, poxpolinak, mendi-paisaia berde-berdeak… euskal tradizio piktorikoa moldatzen duten ageriko ikur kostunbristak (…). Badira irudiotaz baliatuz errealitate paralelo eta onirikoak sortzeko gai direnak”. Arte kritikariak dioenez, horixe da Bixente Ameztoik egiten duena.
Izan ere, Ameztoik elementu tipiko-topikoak gezi bihurtzen zituen. Auto-gezi ere bai. Izoztutako aldi honetan, behin baino gehiagotan etorri zait gogora Ameztoiren erakusketak izan duen patu gaiztoa. Bera imajinatzen dut, ordea, abelera petral honi buelta ematen: kontra-koadro bat egiten. Maisua zen horretan.