Isiltasuna entzungai

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko api. 21a, 13:04

Gaurkoa ez da argazkia, marrazkia da. Bertan ageri da neska bat eszenario batean, oihala ixten. Horrek irudikatzen du gaur ehunka kulturgilek egingo duten isiltasun greba digitala. Zer eskatzen duten? Neurriak hartu eta indarrean jartzea, konfinamendu egoera idazle, musikari, artista eta kulturgintzan mugitzen den orori eragiten ari zaion kaltea arintzeko. 
Maite Larburu musikariak esana: “Kulturgileekiko mentalitatea aldatu behar da Euskal Herrian”. Burura etorri zait frankismo garaian kulturaren esparruan mugitzen zirenekiko geneukan jarrera: xoxik ordaindu gabe eskatzen zitzaien kantaldiak ematea, edo erakusketak egitea, debalde, “herriaren alde”, sortze lanean sartzen zuten denbora kontuan hartu gabe. 
Beste lekukotza bat; Olatz Beobide aktore eta zuzendari eszenikoarena: “´Entretenimendu` hitzak estaltzen ditu maiz gure lanak eta langabeziak”. Borobilago ezin da esan. Telebistan “entretenimendua” deitzen zaion esparruan bide luzea egin du Olatz Beobidek, besteak beste, Goenkale telesaileko zuzendaria izan baitzen azken urteetan. 
Entretenimendua aisialdian sartzen da. Aisialdian naturala gertatzen zaigu gin-tonika dozena erdi euro ordaintzea. Liburu bategatik hogei euro pagatzea, berriz, bi aldiz pentsatu beharreko inbertsioa iruditzen zaigu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!