Maskaren merkatu beltza

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko api. 7a, 11:46

Biltegi batekoa da argazkia. Lehen planoan kartoizko kaxa marroiak ageri dira, eta haien gainean kaxa zuri txikiagoak. Langile bat, paper bat eskuan, apunteak ari da hartzen, beste bi lagunen begiradapean; apunteak hartzen ari denak eskularru urdinak daramatza eta maskara zuria. Oinak dioenez, Kataluniakoa da argazkia, eta kargamentu bat ari dira kontrolatzen langileak: maskara, koronabirus azterketak eta bestelako osasun materialak datoz kaxetan. 
Gorka Berasategik idatzi du BERRIAko kronika. Izenburua, hauxe: “Maskarak lortzeko lehia betean”. Segidan esplikazioa: “Maskarak eta arnasgailuak lortzeko ahaleginek tirabirak eragin dituzte ohiko aliatuak diren estatuen artean”. Eta esplikazio horren atzetik dagoen egitatea, hauxe: “Mendebaldeko herrialde aberatsenak ez dira gai izan (…) behar dituzten osasun baliabideak ekoizteko”. 
Hortik aurrera kronikak kontatzen duenaren arabera, ondorio honetara iristen da irakurlea: merkatu beltzeko legeen arabera jokatzen dutela Mendebaldeko estatuburuek, konfiskazioa hemen, enkantea balitz bezala diru gehiago eskaintzea han, harrapataka beti ere. 
Maskara profilaktikoa da krisi honen ikonoa. Seguru aski denok iritsiko gara maskara janztera, izan maskara homologatua, nahiz etxean egindakoa. Aitortu behar dizuet ni, parean azaltzen zaizkidan maskaradunei esker ari naizela ikasten mintzaideari begietara so egiten zuzen-zuzenean. Izan ere, aho aldera begiratzen badiozu, zaunka ari den zakurra irudituko zaizu.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!