Argazkiak badu bere zera:lehen planoan ume bat sehaska zintzilikatu batean, aurpegi serioz kamerari begira. Atzerago emakume bat lurrean eserita, mailu bat eskuineko eskuan. Itxuraz, adreiluak txikitzen dabil harri baten gainean. Adreilu koloreak ezaugarritzen du argazkia. Baina kasu honetan argazkiak ez, izenburuak pizten du arreta. Izan ere, ez da ohiko izenburu bat, zifren galimatias bat baizik: entzun ondo, ehuneko zero koma zero zero zero zero zero zero 27ren ekonomia dio izenburuak. Hau da, sei zeroren ondoren dator 27a.
Aurre izenburuan esplikazioa: munduan 2.513 mila milioidun daude, eta munduko ehuneko 60 pobreenek adinako aberastasuna pilatzen dute. Oxfamek emandako datuak dira. Zifra ulertezin horietatik haratago argibidea: emakumeen eta nesken ordaindu gabeko lanak eusten diola eliteen mesederako sistema ekonomiko bidegabe bati. Hori bai, hori ulertzen dugu hitzez hitz.
Suitzako Davosen Munduko Ekonomia Foroa bildu aurretik eman ditu datuak Oxfamek. Eta kalifikatibo bat jarri dio egungo ekonomia sistemari: sexista. Hitzez hitz azalduta: “Ekonomia sexistak ahalbidetzen du elite aberats batek ondasun izugarriak pilatzea jende xehearen lepotik, eta, bereziki, emakume eta neska txiroen lepotik”. Hau da, emakumea neskame, beti ere. Emakumea neskame, ez bakarrik zentzu literalean, baita figuratuan ere. Astearte triste bateko berri are tristeagoa. Albiste asaldatzailea.