Xabier Morras gidari

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko urt. 7a, 12:51

Gaurko espitx honek tranpa darama. Izan ere, argazkia ez dator gaurko BERRIAn, ez, iazko abenduaren 21ean argitaratu zen. Argazkia koadro batena da; zehatzago, koadro zati batena. Bertan ikus daitezke emakume bat, manta bat burutik behera, besoetan ume txikia, eta bere atzean mutiko bat; zaldi gainean doaz, ekaitzari ihesi. Argazkian beste bi pertsonaia falta dira: haur bat eta zaldiari tiraka doan gizona. Xabier Morrasena da koadroa, eta bere familiaren autoerretratua da. Koadroaren izena, Heroi anonimoak.

Morrasek Iruñeko Kondestable jauregian daukan erakusketan, joan den mendeko arkitektura industriala da nagusi, Ingalaterrakoa nahiz Estatu Batuetakoa. Hirietan, etxe orratzak beti presente. Paisaia urbano horiek humano ere bihurtzen dira tarteka; adibidez, hor dauka Londresko eszena, jendea hiri handietan joan ohi den bezala, bakoitza bere baitara bilduta; 1985eko koadro horretan, Jose Ramon Anda, Bakaikuko eskultorea, ageri da lehen planoan.

Izugarrikeriari heldu nahi dionean, Morrasek koadroak lehergailu bihurtzen ditu, eztanda egiteko zorian. Hala, erakusketa isten duen lan erraldoia, Nafarroan, nonbaiten izenekoa, galbidean doan gizarte baten metafora.

Erreskateen artean, entzierroari buruzko lana: entzierroko korrikalari odolduaren bizkarrean, banderilak. Ez nuen gogoratzen halako sastada eman zionik Morrasek, duela ia mende erdi, galbidean dihoakeen tradizioari.

Gomendio bat: ahal baduzue, harrapatu egilea bera erakusketan, eta gidatuko zaituzte… inolako galbiderik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!