Argazkia iluna da, desanjelatua eta tristea. Areto handi batean mahaiak lerrotan. Panama, Paraguay, Seychelles, Sierra Leona… irakur daiteke mahai gaineko karteletan. Mahaiak, hutsik daude gehienak; pertsona ale batzuk besterik ez dira ageri han hemenka. Barrenean kartel handi bat: COP25. Argazki oinak dioenez, igandekoa da eszena, klima larrialdiari buruzko goi bileraren azken egunekoa. Badakizue, bi egun luzatu zuten bilera, ea zerbait adostera heltzen ziren, eta hala ere, fundamentuzko erabaikirik hartu gabe joan dira etxera parte-hartzaileak.
Dena dela, Jaurlaritzak balorazio “izugarri positiboa” egin du. Ekologistak Martxan-ek kontrakoa: “Adierazpen sinboliko bat argitaratu dute berriro”, diote ekologistek etsipenez.
Goi bileraren argazkiak badu ifrentzua gaurko BERRIAn bertan. Azken orrialdean, hor dator Jakoba Errekondo paisajista bere azken liburuarekin. Izenburu bihurri samarra ipini dio liburuari: 111 hostoz eta orriz jantzi. Hosto eta orrien jokoarekin segitzen du Errekondok elkarrizketan, berea “letxugaren orriak dituen liburua” dela esplikatuz. Dena dela, elkarrizketaren izenburuan dago gakoa: “Baratzea da gauza iraultzaile bakarra”. Horixe Jakoba Errekondok esandakoa.
Azken urteotan baratzegintzaren inguruan garatu den fenomenoak mereziko luke azterketa soziologiko bat. Fenomeno horretan, ohartuko zineten, jakina, gurua Jakoba da.