Argazkia ilunbistan ateratakoa da. Eskerrak Iruñeko udala eta haren aurreko plaza ondo argiztatuta dauden, eta horri esker ikus dezakegu jende taldea; atzetik hasita, haurrak aita-amen sorbalda gainean; aurreko planoan Pirritx, Porrotx, Marimotots eta konpainia, kantuan-edo. Izenburuak dio: “Udalaren ´zentsura` salatzeko, irriak eta ´muxu gorriak`”.
“Zentsura” hitza errepikatuta dator BERRIAren gaurko azalean; izan ere, Joan Mari Torrealdairen azken liburuaren harira, hauxe dio egunkariak: “Frankismo garaiko zentsura kultural eta linguistikoa aintzat hartzera dei egin du Torrealdaik”.
Lehen bi orrietan, batu egin ditu BERRIAk bi gaiak: alegia, pailazoekiko zentsura eta frankismoko zentsura. Azken honi buruz, Torrealdaik egindako ohartarazpena: “Memoriaren berreskurapenean, badirudi dena hildakoetara bakarrik mugatzen dela. Errepresio kulturala eta linguistikoa aintzat hartu behar dute memoriaren elkarteek eta taldeek. Zer da zentsura, errepresioa ez bada…”.
Frankismoko zentsoreen euskara maila eskasa ere miatu du Torrealdaik. Bilduma hauxe atera zaio: “Arrotz, orgulloso itzuli zuten; askapena, olvido: hots, frío; itzal, bandera; jasan, levantar”. Bistan da Elhuyar hiztegirik ez zutela eskura frankismoko zentsoreek.
Bide batez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hor daukate idatzita kanta surrealista: “arrotz, orgulloso; askapena, olvido…” eta abar. Txirri eta Mirriren “sagarra, manzana” haren estilora eta Enrique Maia Iruñeko alkateari eskaintzekoa.