Hitzen ortodoxiaz haratago

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko aza. 12a, 11:43

Gizona bakarrik, baina ez bakardadean, bere azken liburuarekin baizik, Etxeak eta hilobiak nobelarekin. Gizonak begi txiurtuekin begiratzen dio kamerari, gozo, ezpainek marrazten duten irri-zirriborroari lagunduz. Urriaren 16koa da argazkia, Bernardo Atxagak Etxeak eta hilobiak aurkeztu zuen egunekoa.

Atzo iluntzean hitzordua zeukan idazleak Donostiako Ernest Lluch kultur-etxean, bere azken obra horretaz jarduteko. Goizean jakin zen Espainiako Kultura Ministerioak Letren Sari Nazionala eman diola: lehen aldia euskal idazle batek sari hori lortzen duena. Idazleak nola jaso zuen albistea? Telefonoz, lanean ari zela, Zalduondoko bere etxean, asteburuko elur hondarrak bistan. Lanean, hain zuzen ere, bere azken obra horren gaztelaniazko itzulpenari azken ukituak ematen. Berria jakinarazi zionaren ahotsa geratu omen zitzaion iltzatuta. Atxagak Ernest Llucheko foroa aprobetxatu zuen eskerrak emateko sari horri bidea zabaldu dioten bi lagunei: Joxemari Iturralde idazleari eta Aizpea Goenaga kultur eragileari.

Hortik aurrera, Atxagak bere mundura eraman gintuen, eta bere mundu hori birsortzen duen laborategira. Eman zuen klabe bat edo beste Etxeak eta hilobiak-eko lehen kontakizunari buruz. Azaldu zuen idazleak hitzen ortodoxiarekin borrokan ibili beharra, adibidez, zergatik ezin idatzi eskursio hitza, ez baita berdin txango esatea. Behin berriro ere argi geratu zen Atxagak, idatziz ez ezik, solasarekin ere liluratu egiten duela publikoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!