Txapel galanta buruan, besoak gora altxata, sariak esku banatan. Izenburu ponposoa BERRIAn: “Iker Vicente. Txapela janzteak koroatu du”. Izan ere, Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa irabazi zuen igandean Gasteizen.
Atzo, Euskal Telebistako albistegietan azaldu zenean txapelduna, Otsagabiko erreka gaineko zubitik adierazpenak egiten, euskara benetan dotorean, pozaren iturria piztu zitzaidan.
Gogoan, 1967ko gertaera bat, Otsagabian. Udaleku batean geunden neska saila, Jorge Cortes Izal euskaltzale militanteak utzitako etxean. Zapatu eguerdian, herria jendez bete zen, ezkontza bat ospatzen baitzen. Hantxe, erreka gaineko petrilean eserita gizon adindun bat. Euskaraz entzun zigunean, bera ere euskaraz hitz egiten hasi zen, apur bat totelka, aspaldi erabili gabeko erreminta herdoildua berriz martxan jartzen. Hizkuntzarekin batera, berpiztu egin zen gizona.
Hartan, etorri zen beste gizonezko bat, biboteduna, haserre erabat, eta eraso zigun neskaoi herritar adineko hura euskaraz mintzatzen jartzeagatik. Gero jakin genuen jauntxo influentziaduna zela biboteduna, Francoren erregimenekoa, jakina.
Atzo, Iker Vicenteri Otsagabiko toki hartatik entzutean, memoria historikoaren hizkeran “erreparazioa” deitzen zaion horren zantzua eta zentzua aurkitu nituen; urteak lurpean eramango dituen euskal hiztun otsagabiar harekiko erreparazioa.
Espero dut Iker Vicentek karrera bikaina egiten segitzea aizkoran. Ez ditu enborrak bakarrik mozten, baita injustizia historikoak ere.