Autoa Bartzelonako Sant Pau ospitaleko garajetik irtetzen. Matrikula: bi zortzi bost bederatzi, jota ixa ixa. Ixa ixa jauna doa nonbait barruan. Kanpoan zain ditu suminduta ageri diren pertsonak; eskuak gora altxata erakusten ari diren karteletan “Llibertat presos” irakur daiteke ozta-ozta. Suminduei eusteko ahaleginean polizia lerro bat, egun hauetan erakutsi duten janzkera armatuarekin. “Bartzelonara etorri da, eta ez da gai ez Torrarekin, ez Kataluniako Gobernuarekin elkartzeko. Zer uste du? Nolatan du halako azala?”. Marta Vilalta ERCko bozeramailearen hitzak dira. Katalunian ez ezik, beste toki batzuetan ere orokorra da ikuspegi hori: Espainiako presidentea Kataluniara joan da soilik polizia zaurituak bisitatzera, behin eta berriz ukatuz Kataluniako presidentearekin hitz egiteari. Gauza ez da diplomaziaren oinarrizko araua hautsi izana bakarrik, gutxiespena eta mespretxua erakutsiz Kataluniako erakunde nagusi eta ordezkariei. Jota ixa ixa jaunak agerian utzi du bere politikari maila: alderdikide duen beste ixa jaun haren estiloa dakar gogora. Izan ere, Espainiako Estatuaren makineria polizial-judizialak martxa bizia hartu du berriro ere: Kataluniako Udalerrien Elkartearen egoitza eta Puigdemonten abokatua den Gonzalo Boyeren etxea eta despatxua miatu dituzte; Boye narkotrafikoaren diru garbitze kasu batekin lotu nahi dute. Espainiako inteligentzia zerbitzuek diseinatutako beste operazio pare bat.