Hondarribiko harresia atzean dutela, haritz zabal baten gerizpean, gazte talde handi bat; hirurogeita hamabi behintzat kontatu ditut, hirutik bi gizonezkoak. Maite Asensiok BERRIAko informazioan dioenez, “andreak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearen bueltakoak dira”; hau da: “alardean ateratzen diren gizonak, kantinera izandako emakumeak eta desfilea espaloitik ikusten dutenak”.
Manifestua kaleratu zuten herenegun, esanez, hitzez hitz: “Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa duela iruditzen zaigu. Hain zuzen ere, bakoitzak bere aukera modu askean egitean datza gatazka honi amaiera emateko modu bakarra”.
Aitortzen dute ez dutela istilurik gabeko alarderik ezagutu; alegia, gatazkaren parean jaio eta hazitakoak direla. Maite Asensiok analisian gehitzen du pisu handia dutela gazte hauen hitzek, “etorkizunean alardea kudeatu eta elikatuko duen belaunaldia” direlako.
Argazkian ez omen daude denak, manifestuarekin ados egon arren, aurpegia emateak oraindik beldurra eragiten duelako. Argibide horrek adierazten du konponbidean “aktibo” izan nahi duen taldeak bere gain hartu duen arduraren tamaina.
Hala ere –eta horrexegatik, hain zuzen ere-: azken aspaldian jasotako albisterik baikorrena da, zalantzarik gabe, gaurko hau. Belaunaldi berriari erreberentzia egiteko modukoa.
Elixabete Garmendia Lasa